Karta jokoekin hasi da Baigerako jubilatuen astea

Uztarria.eus 2014ko aza. 17a, 19:20

Baigerako jubilatuen astea hasi da gaur, astelehena, Baigera I-ean eta Baigera II-an egindako karta joko saioekin. Aste guztian zehar hamaika ekitaldi dituzte herriko jubilatuek; esate baterako, karta jokoak, mus txapelketak, jatorduak edo txangoak antolatu dituzte Baigerako kideek.

Zenbait ekintzatan parte hartzeko, beharrezkoa da aurrez txartela erostea. Horretarako, Baigerako bulegora joan daitezke herritarrak, egunero, 10:30etik 12:30era. Aginagako sagardotegian egingo duten bazkarirako, zapatuko mendi-ibilaldirako eta igandean Kiruri jatetxean egingo duten jatordurako erosi behar dira txartelak.

Honakoa da Baigerako bazkideentzat antolatutako astearen egitaraua:

Azaroak 17, astelehena: Karta jokoak: Punttua Baigera I-ean eta Tutea Baigera II-an, 16:00etatik aurrera.

Azaroak 18, asteartea: Tolosako Txontxongiloen Museora bisita eta bazkaria Aginagako sagardotean, 14:00etatik aurrera.

Azaroak 19, asteazkena: Karta jokoak: Mus txapelketa azkarra Baigera I-ean eta Eskoba Baigera II-an, 16:00etan hasita.

Azaroak 20, osteguna: Hitzaldia Baigera I-eko aretoan eta txokolatada eguneko zentroan, 16:00etan. 18:00etan, berriz, txokolatada Baigera I-ean eta Baigera II-an.

Azaroak 21, ostirala: Bingo txapelketa, 17:00etan hasita.

Azaroak 22, larunbata: Zestoako bainuetxetik Aizarnazabalera mendi ibilaldia. 09:00etan abiatuko dita. Ondoren, hamaiketakoa egingo dute.

Azaroak 23, igandea: 09:15ean kalejira egingo dute. Ondoren, hamaiketakoa izango da Baigera I-ean. 12:30ean hildako bazkideen aldeko meza izango da parrokian eta 90 urte betetzen dituztenei omenaldia egingo zaie. 14:15ean bazkaria izango da Kiruri jatetxea, eta ondoren opariak banatuko zaizkie omenduei.