Kameratoia Euskal Herriko Ikus-entzunezkoen Rallyan izena eman daiteke hilaren 28a bitartean

Uztarria.eus 2014ko aza. 13a, 10:00

Abenduaren 6an emango ditu Euskaltzaleen Topaguneak film laburrak egiteko gaia eta ikus-entzunezkoek jarraitu beharreko ezaugarriak. Hortik aurrera, parte-hartzaileek 48 ordu izango dituzte lanak amaitu eta aurkezteko.

Kameratoia Euskal Herriko Ikus-entzunezko Rallyaren hamargarren edizioa egingo du aurten Euskaltzaleen Topaguneak. Durangoko Irudienea Ikus-entzunezkoen Plazaren baitan antolatu dute ekimena, joan den urtean bezala; beraz, azokarekin batera egingo dute rallya.

Abenduaren 6an jakinaraziko ditu Topaguneak ikus-entzunezkoak egiteko gaiak eta haiek jarraitu beharko dituzten ezaugarriak. Behin informazioa emanda, parte-hartzaileek lanak errodatzeko, osatzeko eta aurkezteko 48 ordu izango dituzte. Horrenbestez, abenduaren 6an hasiko da Kameratoia, eta abenduaren 8an amaituko da. 18 eta 35 urte bitarteko gazteek har dezakete parte lehiaketan; horretarako, Kameratoiaren izen-emate fitxa bete behar da, azaroaren 28a baino lehen.

Aenbuaren 8an bertan jarriko dituzte lan guztiak Irudienean, eta epai-mahaiak balorazioa egingo du. Horren ostean, honako sariak banatuko dituzte: 

  • Lehen saria: 1.200 eurokoa.
  • Bigarren saria: 900 eurokoa.
  • Hirugarren saria: 600 euroko txekea.
  • Topagunea saria, euskaltzaleen elkarteren baten izenean aurkezten direnentzat: 500 euro, euskara sustatzeko proiekturen batean erabiltzeko.

Kameratoiaren antolatzaileen helburu nagusia da lehiaketan parte hartzen dutenen ikus-entzunezkoak zabaltzea. Hori dela eta, rallyan aurkezten diren filmek Creative Commons Aitortu–Partekatu lizentzia izango dute.

Tokikom euskal hedabideen elkarteak babesten du Kameratoia, eta Tokikomeko kide da Uztarria Komunikazio Taldea.