Udal Liburutegiaren 50. urteurrena izango da sansebastianetako karrozaren gaia

Uztarria.eus 2014ko aza. 6a, 14:25

Udaleko Festa Batzordeak ireki du umeen danborradako karroza egiteko proiektuen lehiaketa. Lanak aurkezteko epea azaroaren 30ean bukatuko da. Lehiaketaren irabazleak 1.500 euroko saria jasoko du.

Udaleko Festa Batzordea hasi da 2015eko San Sebastian jaiei begira lanean. Urtero legez, San Sebastian eguneko umeen danborradarekin batera aterako den karroza egiteko proiektuen lehiaketa abian jarri du. Udal Liburutegiaren 50. urteurrena izango da datozen sansebastianetako karrozaren gaia, eta proiektuak aurkezteko ireki berri duten epea azaroaren 30ean bukatuko da.

Hauek dira 2015eko sansebastianetako karrozaren inguruko lehiaketaren oinarriak:

  1. Nahi duten pertsona nahiz talde guztiek har dezakete parte. Pertsona edo talde bakoitzak proiektu bakarra aurkez dezake.

  2. Lanak edozein teknika edo material erabiliz egin daitezke.

  3. Proiektuek, nahi eta nahi ez, sortu berriak izan beharko dute, hau da, norberak sortutakoak, eta lanaren egileak izango du erantzunkizun osoa baldintza hau ez betetzearen ondorioz gerta daitekeen edozein erreklamazioren aurrean.

  4. Karrozaren neurriak ondorengo hauek dira: 2,80 m-ko zabalera x 3,85m-ko luzera eta 3,20 m-ko altuera.

  5. Lanak sinatu gabe aurkeztu beharko dira, eta aparteko sobre batean egilearen datuak zehaztuko dira: NAN, zuzenbidea, telefonoa eta kurrikuluma.

  6. Aurreproiektuak aurkezteko epea azaroaren 30an amaitzen da. Epaimahaiak erabakia emango duen eguna modu egokian jakinaraziko da.

  7. Proiektuak, ondorengo helbidera bidali beharko dira: Azpeitiko Udala, Festa Batzordea. Enparantza Nagusia, 5 (20730 AZPEITIA)

  8. Epaimahaia Azpeitiko Udalak izendatuko du, eta bost pertsonak osaturikoa izango da. Ordezkaritza Udaleko ordezkariek eta dekoradore eskolakoek osatuko dute.

  9. Aurkeztutako proiektuen artean bakar bat aukeratuko da, eta proiektua gauzatzeko esleituko da.

  10. Planoak, bozetoak, 7.800,00 euro baino gehiagokoa ez den aurrekontu zehaztua, eta gehienez A-4ko bi orrialde hartzen dituen memoria txiki bat aurkeztu beharko dira.

  11. Lehiaketaren irabazleak 1.500,00 euroko saria jasoko du.

  12. Lehiaketa hutsik gera daiteke, epaimahaiaren iritziz aurkeztutako proiektuek ez badute behar adinako kalitate edo baliorik.

  13. Oinarri hauek eta bertako baldintzak betetzen ez dituzten proiektuak ez dira onartuko.

  14. Deialdi honetan parte hartzeak, oinarri hauek onartzea esan nahi du.

  15. Epaimahaiak hartuko ditu oinarri hauetan agertzen ez diren arazo guztien gaineko erabakiak, eta erabaki horiek apelaezinak izango dira. Epaimahaiak karrozaren exekuzio garaian jarraipen lanak egingo ditu. Lanak epaimahaiaren oniritzia eduki beharko du kopuru osoa jasotzeko