Fermin Muguruza: "Nire ibilbidearen sekretua da egiten dudan guztiarekin gozatzen dudala"

Uztarria.eus 2014ko aza. 5a, 19:22
Prat eta Muguruza, atzoko solasaldian.

Gaztaroaz, musikaz, dokumentalgintzaz eta proiektu berriez mintzatu zen Fermin Muguruza, atzo, asteartea, Aho Bizarrik Gabe solasaldian. Olatz Prat kazetariak jarri zizkion puntuak gonbidatuari, eta musikariaren ibilbide mardulari errepasoa egin zioten.

"Iraganera joatea museoa bisitatzea bezala da, baina ez da beharrezkoa museo horretan bizitzen gelditzea. Nostalgiaren aurkakoa naiz". Aho bizarrik gabe esan zuen Fermin Muguruzak ez zaiola gustatzen iraganean bizitzea. Hala ere, gozo mintzatu zen bere ibilbideaz eta oroitzapenez hizlaria, Olatz Prat kazetariarekin, atzo, asteartea, Sanagustin kulturgunean. 50en bat ikusle izan ziren. 

Gaztaroa izan zuen hizpide musikariak saioaren hasieran. Izan ere, garai hori erabakigarria izan zen bere militantziaren eta ideien garapenean. Irunen (Gipuzkoa) jaio zen Muguruza, eta hango La Salle ikastetxean ikasi zuen. Eskolatik kaleko ohiuak eta "zurrunbiloak" entzuten zituzten; poliziaren bozinak, sirena hotsak eta abar. Soinu horiek ziren garai hartako gizarte-egoeraren adierazle, eta testuinguru horretan hazi eta hezi zen musikaria. "Garai garrantzitsua izan zen niretzat; debekatua zegoen ikurrina, eta guk edozein lekutan margotzen genuen", esan zuen. Euskararekin zuen harremana, ordea, gaurkoaren desberdina zen garai hartan: "Guretzat euskara oso gauza arrotza zen".

Jakina da, bere militantzian "ezinbestekoa" izan zen musika. Imanolen kaseteak, Mikel Laboaren abestiak eta Errobi taldea oroitzen ditu hobekien Muguruzak. Gaztetatik izan zen garrantzitsua musika gonbidatuarentzat, eta horren erakusle da ondorengo urteetan hartu zuen bidea. Badira 31 urte Muguruzak, anaiarekin eta beste lagun batekin, Kortatu taldea osatu zuela. "Kortatu eskola bat izan zen guretzat: herritarrei irakasteko eta guk ikasteko", esan zuen hizlariak.

Pedagogoa da Muguruza formazioz, eta horregatik ematen dio berebiziko garrantzia egiten duen guztiarekin gozatzeari eta ikasteari. Hain zuzen, Kortatu taldearekin ikasi zuen dabilen harriari ez zaiola goroldiorik hazten. Izan ere, estilo eta genero aldaketa nabarmenak izan zituen taldeak, eta gaztelaniatik euskarara ere pasatu ziren Kolpez Kolpe hirugarren diskoarekin. "Ni beti sentitu izan naiz oso eroso. Nire ibilbidearen sekretua da egiten dudan guztiarekin gozaten dudala", azaldu zuen.

Behin atzera begira hasita, Azpeitia bisitatu zuen lehen aldia etorri zitzaion musikariari burura. 1985eko martxoaren 22an izan zen gonbidatua lehen aldiz herrian, kontzertu batean. Garai haiek oso argi gogoratzen ditu Muguruzak: "Oso garai ausartak ziren. Euskal musikak une sendo bat izan badu, 90eko hamarkada izan da". Garai hartan, askok esaten omen zieten berriemaile lanak egiten zituztela beraien abestiekin, eta erabat ados dago Muguruza. Horren erakusle da "Sarri sarri" abestia, Joseba Sarrionandiak eta Iñaki Pikabeak kartzelatik ihes egin zutenean sortua. "1985eko uztailaren 7an egin zuten ihes, eta 'Sarri sarri' abestiarekin une horretako kronika egin genuen. Egun hori Euskal Herri osoak ospatu zuen, eta sentitu nuen horrekin abestia sortu behar genuela". Ezaguna egin zen "Sarri sarri", eta kanta horri egin zioten Kortaturen lehen bideoklipa: xumea, baina historikoa.

Musikatik bideogintzara

Bideoklipez gain, dokumentalgintzan ere badu eskarmentua Muguruzak. Hain zuzen, hizpide izan zituen Arabiako herrialdeen inguruan eginiko dokumentalak. Haren esanetan, esperientzia horrek ez zion gehiegi irakatsi "musikalki", baina bai "pertsonalki". Musikari dagokionez, ikusi zuen han "abantaila handia" zutela esparru horretan: "Sustraiak zaintzen dituzte, beraien erreferenteak beraien herrialdeko musikariak eta olerkariak dira. Globalizazioak lagundu die hemengo musika eta kultura ezagutzen, baina beraiena ez dute ahaztu".

Bestalde, ikus-entzunezkoen arloan egin duen azken lana da Zuloak, maitasuna eta ezinikusia sortu duen obra. Dokumental faltsuak zeresana eman du Euskal Herrian, eta hizlaria kontziente da horretaz. Haren hitzetan, egin duen guztiak sortu izan du "oihartzuna", eta hori onartzea ere bada artistaren lana: "Zenbat eta jarraitzaile gehiago izan, orduan eta aurkari gehiago izango dituzu. Hori horrela da".

Aise pasatu zitzaion denbora bikoteari, eta bere azken proiektuaz hizketan amaitu zuen saioa gonbidatuak. Black is Beltza komiki-liburua aurkeztear da Muguruza; 134 orrialdeko nobela grafikoa da, eta euskaraz, katalanez, gaztelaniaz eta frantsesez argitaratuko dute. Ideia "bitxi" batean du sorburua lanak. 2000an otu zitzaion ideia, Iruñeko jaietako 1965eko argazki bat ikusi zuenean. Hari begira ohartu zen tokiko agintariek ez zietela jaietako desfilean irteten utzi ekitaldirako prest zeuden bi erraldoi beltzi. "Kontu horrek zirrara sorrarazi zidan, eta gaiari heldu nion Harkaitz Canorekin batera", azaldu zuen.

Ostiralean bertan sarean zintzilikatuko du Muguruzak liburua iragartzeko prestatu duen abestia, eta etxean eta nazioartean aurkeztuko dute obra; Durangon bertan edo Mexikon, besteak beste. Oso argi du musikariak nola antolatu bere jarduna: "Behin liburua aurkeztutakoan, desagertu egingo naiz, denboraldi baterako".

Azpeitiko Kultur Mahaiak, Urola Kostako Hitza-k, Uztarriak eta Erlo Telebistak elkarlanean antolatutako Aho Bizarrik Gabe zikloko bederatzigarren solasaldia izan zen atzokoa. (oharra: Muguruzak hala eskatuta, saioa ez zen bideoan grabatu)