Azcue y Cia enpresa berriz martxan jarri nahi dute datorren urtarrilerako

Uztarria.eus 2014ko aza. 5a, 13:14
Ezkerretik eskuinera, Luis Azkue, Edu Etxarte eta Xabier Oleaga.

2012tik itxita dago Azcue y Cia enpresa, baina bi urteren ostean, 2015aren hasieran martxan jartzekotan dira, sozietate laboral izaerarekin. Hala adierazi dute gaur talde sustatzaileko ordezkari batzuk. Dena den, "kezka" ere agertu dute joan den astean hirutan lapurreta egin dutelako enpresan, eta lapurreta horiek hainbat kalte material eragin dituztenez, enpresa berriz martxan jartzerakoan eragin dezakeela uste dutelako.

2012ko abendutik itxita dagoen Azcue y Cia enpresa 2015eko urtarrilean berriz martxan jartzekotan direla jakinarazi dute talde sustatzaileko ordezkari Xabier Oleagak eta Edu Etxartek zein lehengo enpresako zuzendari Luis Azkuek gaur, asteazkena. Itxi zenetik konkurtso prozesuan dago enpresa, baina langile ohiek sozietate laborala sortu eta Azcue y Cia lantegiko materiala erosteko eskaria egin dute dagoeneko. Konkurtso Administrazioaren erabakiaren zain daude, eta epe laburrean jakinaraziko du erabakia Donostiako Merkataritza epaitegiak.

Enpresa martxan jartzeko prozesua bankuekin eta Konkurtso Administraziorekin negoziazio fasean dagoela jakinarazi dute talde sustatzaileko kideek. Oleagak esan duenez, "Konkurtso Administrazioarekin eta epailearekin akordioa bi astean edo erdiestea espero dugu".

Enpresa berria abian urtarrilean jartzea aurreikusten dute, 30 bat langilerekin, baina langile kopurua handitzen joatea dute helburu, bi urteren buruan 80 edo 100 langile izatera iristeko. Gainera, sozietate laboral berriak 91 langile ohiren babesa jaso duela jakinarazi dute. Ekoizpena urtarrilean hastea nahi dutela esan dute, urtarrila eta martxoa bitartean ez badira abian hasten jardun ekonomikoarekin arazoak izan ditzaketelako. "Urtarriletik martxora bitartean, balizko bezeroekin lotzen ez ditugun kontratuak galdu egin ditzakegu, eta horrek aurreikusitako jardun ekonomikoa zapuztuko luke", esan dute. Oleagak esan duenez, "hitzezko kontratuak" lotuta dituzte dagoeneko, baina oraindik formalizatu gabe dauzkate horiek. 

Azcue y Cia berrian plan industrial berria egin dutela jakinarazi dute sustatzaileek: "Produkzioaren orientazioari dagokionez, plan berria eginda dago eta eskaintza integrala egingo dugu". Lehenengo zurezko lurrak, parketa, ekoitziko dute, "bat bateko merkatua dutelako", eta gerora hasiko dira altzariekin-eta. Epe ertainean ateekin eta bulegoetako eta sukaldetako altzariekin hasteko asmoa iragarri dute.

Talde sustatzaileko kideak "ilusioarekin" daudela adierazi dute: "Garrantzia handia du proiektu honek guretzat, eta ilusioarekin eta gogoz gaude". Azcue y Cia zeneko zuzendari ohi Luis Azkue ere enpresa berria sortzeko prozesuan laguntzen ari da, eta denek esan dute "ziur" daudela aurrera aterako dutela enpresa berria.

Lapurretak enpresan

Joan zen astean hirutan lapurreta egin dute Azcue y Cia enpresan, eta "kezka" agertu dute talde sustatzaileko ordezkariek horrek enpresa berriz martxan jartzerakoan eragin dezakeela uste dutelako. Enpresaren sustatzaileek adierazi dutenez, lehenengo bi aldietan ez zuten lapurreta handirik egin. Hirugarrengoan, igande gauean, ordea, enpresako kamioi bat eraman zuten lapurrek. Horrez gain, makinak martxan jartzeko beharrezkoak diren koadro elektrikoetako bobinen kobrea ere ostu dute. Oleagak jakinarazi duenez, oraindik ez dute kalte ekonomikoa zenbatu, "enpresa oso handia delako eta makinak-eta bi urtean geldirik daudelako". Ondorioak makinetan-eta eragindako kalteen araberakoak izango dira esan dute.

Lapurretak salatu dituzte Ertzaintzaren eta Azpeitiko udaltzaingoaren aurrean, baina "egoeraren larritasuna" zela eta, hiru gau enpresan igaro dituzte langile ohiek eta talde sustatzaileko kideek "zaintza lanetan". Oleagak adierazi du Konkurtso Administrazioak segurtasun zerbitzuak kontratatu dituela aurrerantzean zaintza egiteko.