Zabalik dago Santo Tomas egunean jakien postua jartzeko epea

Uztarria.eus 2014ko aza. 4a, 15:43
Iazko Santo Tomasetako irudi bat.

Zabalik da etxeko produktuen postua jartzeko epea hilaren 30a bitartean. Txorizo postuak jartzeko izen-ematea, berriz, hilaren 12an hasi eta 25ean amaituko da. Azken horien kokapenari dagokion zozketa azaroaren 26an izango da, 20:00etan, udaletxeko areto nagusian.

Santo Tomas egunean barazkiak, frutak, loreak, ogia edo bestelako etxeko produktuak saltzeko postua jarri nahi dutenentzat izena emateko epea zabaldu du Udaleko Festa Batzordeak. Izena hilaren 30a baino lehen eman behar da udaletxean, edo 943 15 70 68 telefono zenbakira deituta.

Bestalde, txorizo postuak jartzeko izen-emate epea hurrengo asteazkenean, hilaren 12an, zabalduko dute, eta hilaren 25a arte egongo da irekita. Postua jartzeko izena udaletxean bertan eman behar da. Postuen zozketa, berriz, azaroaren 26an, asteazkena, egingo dute, 20:00etan, udaletxeko areto nagusian.