Biharko elkarretaratzearekin bat egin eta "egoeraren larritasunaz" ohartarazi du LABek

Uztarria.eus 2014ko urr. 29a, 15:33

Sarcoilen atzo gertatutako lan istripuaren harira, oharra kaleratu du Urola Kostako LAB sindikatuak. Hasteko, halako gertaeren aurrean izan ohi den "informazio eza" salatu dute, haien ustez lan istripuen datuak-eta ez direlako publiko egiten tartean heriotzik ez badago.

Urola Kostako LABeko kideek esan dute "aspalditik" ari direla egoeraren larritasunaz ohartarazten, eta haien arabera, "jasan ditugun erreformek lan baldintzak eskasten dituzten honetan, bizi jokoan jartzeko aukerak handitu egiten dira". "Lan munduan bizi dugun ziurtasun ezak (edozein momentutan kaleratua izateko beldurra, adibidez), presioak eta abarrek istripuak izateko aukerak handitu besterik ez dituzte egiten. Egunerokoan dugun kargak (hipoteka, familia...) ez digu uzten gure lanean zentratzen uzten, eta lehendik ditugun prekarietate egoerak handitu besterik ez dira egiten", gaineratu dute LABeko ordezkariek.

Urola Kostako LABen iritziz, "egoera orokorra larria" den arren, kasu honen larritasuna "are handiagoa da": "Sarcoil enpresa Grupo Sarralleren barruan dago. Une honetan eskulan merkea lortzera bidean, erreformaz baliatuz egoera muturrera eramaten ari da Grupo Sarralle". Sindikatuko ordezkariek esan dutenez, "kalean gehien entzuten ditugun erreformaren ondorioak dira soldaten jaitsiera eta orduen igoera, baina lan-osasunaren alorrean egiten ari diren erreformak larriagoak dira. Enpresek ez dituzte egiten egin beharreko inbertsioak eta, lehen esan bezala, langileei sartzen dieten presioak ez du laguntzen". LABekoek salatu dute ez duela balio "beste aldera begiratzeak", eta istripuen errua langileei botatzera ohituta bagaude ere, "ardura enpresena" dela esan dute. "Hori ezin dugu ahaztu. Gure lanaren truke irabazten dituzten mozkinak ez dira nolanahikoak, eta guk ez dugu hori gure biziarekin ordaindu behar", erantsi dute LABekoek.

Horregatik guztiagatik, Azpeitian Bizi eta Lan taldeak biharko, osteguna, deitu duen elkarretaratzearekin bat egin du Urola Kostako LAB sindikatuak, eta azaldu dute bertan izango direla "istripua salatzeko, lan baldintza duinak eskatzeko eta zaurituari, haren familiari eta lagunei elkartasuna adierazteko".