Azpeitiko txokoak beste begi batzuez ikus daitezke Betharram aretoan

Uztarria.eus 2014ko urr. 27a, 20:16

Jon Andoni Martinen Mundua orratzaren begian: argazkiak hitzetan, hitzak argazkitan erakusketa ireki dute gaur, astelehena, Betharram aretoan. Argazki estenopeikoak bildu ditu Martinek erakusketan, hau da, objektiborik gabe ateratako argazkiak. Argazkilariak leku eta objektu ilunak erabili ditu objektibo tradizionalen ordez, hala nola, poxpolo kaxak. Ukitu berezia eman die Martinek erakusketako argazkiei, eta haien artean Azpeitiko txokoen ikuspegi berezia aurkeztu du.

Horiez gain, hamabi argazki jarri ditu, bakoitza bere testuarekin: olerkiekin edo prosarekin. Idaztiak Maxixatzen elkarteak egin ditu. Erakusketa azaroaren 16a bitartean egongo da ikusgai, eta honakoa da ordutegia: astelehenetik ostiraleta, 18:00etatik 20:00etara; asteburuetan, berriz, 12:00etatik 14:00etara.