Arzubiko zezen bolaztatuen ikuskizuna garaiz hastea eragotzi dute

Uztarria.eus 2014ko urr. 27a, 10:26

Talde animalista bateko hamar bat lagunek zezenen "tratu txarren" aurkako ekintza bat egin zuten atzo (igandea) arratsaldean, Zezen Beltz VI. asteburuaren baitan Arzubian izandako zezen bolaztatuetan. Ganaduaren kamioi parean hesi batzuetara kateatu egin ziren lehen zezena atera aurretik, eta hogei bat minutuz egon ziren horrela. Ertzaintzak moztu zizkien kateak. Zezen bolaztatuak ikustera joandako jende askok protesta artean hartu zuten haien ekinbidea. 

Gero normaltasunez egin zen ikuskizuna. Jende asko bildu zen, baita eguerdian Erdikaletik plazara izandako sokamutur txikiak, eta plazako zezen txiki eta ponietan eta saiheski eta oikasko erretzean ere. Larunbateko ekitaldietan ere lagun asko izan zen.

Zapatuan bertan zezenen tratu txarren kontrako pankarta bat jarri zuten talde animalistakoek plazan. Aurreko egunetan Zezen Beltz VI. asteburuko kartelen gainean euren afitxak jarri zituzten.