Bi estreinaldi izango dira datorren ostiralean hasiko diren XXXII. Euskal Antzerki Topaketetan

Uztarria.eus 2014ko urr. 24a, 16:08
Udaleko, EHAZEko, Emakumeen Antzerki Tailerreko eta Logela multimedia taldeko ordezkariak.

Datorren ostiralean hasiko dira topaketak, Euli giro obraren estreinaldiarekin. Horren gain, Lakrikun Antzerki Taldean Non gaude? lana estreinatuko du topaketen baitan. Aurten izango da berrikuntzarik. Besteak beste, Gaztetxean antzerki alternatiboaren zikloa izango da, eta hiru lan ikusi ahal izango dira hiru egunetan.

Datorren ostiralean hasiko dira XXXII. Euskal Antzerki Topaketak, eta bi estreinaldi eta dozenatik gora antzezlanez gain, antzerki alternatiboaren zikloa antolatu dute aurtengorako. Urriaren 31n hasita, lau asteburutan euskarazko antzerki desberdinez gozatu ahal izango dute haur, gazte zein helduek. Izan ere, "ikusle denei" zuzendutako lanak eskainiko dituzte Soreasu antzokian eta Gaztetxean, eta "aretoak betetzeko deia" egin dute Imanol Amenabar kultura zinegotziak eta Eneko Etxeberria alkateak, Mari Karmen Borda azpeitiar aktorearekin, Ander Garaizabal Logela Multimedia antzerki taldeko ordezkariarekin, Ane Arenas Gaztetxeko kide eta aktorearekin eta EHAZEko kide Itziar Eliasekin (Euskal Herriko Antzerkizale Elkartea) egin duten agerraldian.

Aurtengoan bi estreinaldi izango dira topaketen baitan. Kamikaz Kolektiboa taldearen Euli Giro antzerkiaren estreinaldiarekin hasiko dira topaketak datorren ostiralean, eta obra horretan parte hartuko du, besteak beste, Erika Olaizola azpeitiar aktoreak. Bestalde, Azpeitiko Lakrikun antzerki taldeak ere Non gaude? lan berria taularatuko du azaroaren 8an. Antzerki hori aurretik egin izan dituzten Greban gaude eta Prest gaude! obren hirugarren zatia izango da. Estreinaldiez gain duela gutxi estreinatutako lanez ere gozatu ahal izango da, eta horren adibide dira, esaterako, Hegoaldean aurrenekoz egingo duten Arrastoak lana eta labetik atera berria den Arkimedesen printzipioa obra. Horiez guztiez gain, eta topaketei bukaera emateko, emanaldi berezia izango da. Logela multimediaren Barbantxo obra ikusi ahal izango da. 3D-an egindako irudiekin uztartuko dute aktoreek emanaldia, eta ikusleei betaurreko bereziak banatuko dizkiete antzokira sartzean. Ander Garaizabal Logela multimediako kideak esan duenez, "disziplina desberdinak jasotzen dira antzezlanean. Ipuin originalean oinarritutako lana da, baina irudi tradizionalak berriekin nahastuko ditugu. Orain arte egin dugun konplikatuena da".

Bestalde, azken urteetan egin izan den antzerki alternatibo emanaldiaren eskaintza zabaldu dute aurtengoan. Ane Arenasek azaldu duenez, "orain arte ostegun batean izan ohi zen izaera propioa duen obra bat Gaztetxean, baina aurten luzatzea erabaki eta zikloa antolatu dugu". Horrenbestez, azaroaren 20an, osteguna, Miren Artetxe aktorearen Konpota lana ikusi ahal izango da Gaztetxean. Ostiralean, berriz, Metrokoadroka Kolektiboaren Zertarako Hegoak izango da Gaztetxeko oholtzan, eta igandean Higa taldearen Espazio hutsak izango da ikusgai. Arenasek esan duenez, "espazio txikiagoa behar duten taldeei eta Soreasu antzokian aritzeko aukerarik ez dutenei aukera emateko eta bestela Gaztetxera gerturatuko ez diren ikusleak bertara gerturatzeko asmoz" osatu dute zikloa.

Urteroko legez, antzerki profesionalaz nahiz amateurraz gozatu ahal izango da lau asteburutan. Gainera, bigarrenez egingo dute Antzerki Eskolen Eguna. Azaroaren 2an, igandea, izango da 12:00etan plazan, eta Euskal Herriko hainbat txokotako antzerki eskoletako ikasleak elkartuko dira. Bertan, ahotsa eta gorputza lantzeko saio bat egingo dute Inaxio Tolosa aktorearen gidaritzapean.

Antzerki guztietarako (Gaztetxekoak izan ezik) sarrera bost euro ordaindu beharko da. Haurrei zuzendutako lanak ikusteko, berriz, hiru euro. Soreasuko lehiatila emanaldia baino ordubete lehenago irekiko da.

Eskola antzerkia ere bai

Azpeitiko eta inguruetako herrietako ikastetxeetako ikasleentzat ohiko bilakatu diren antzerki emanaldiak izango dira aurten ere. Azaroaren 10ean, 11n eta 12an ikasle ugari izango da Soreasun, gaztetxoek egindako antzerkiez gozatzen. Besteak beste, Orioko, Azpeitiko, Bermeoko nahiz Besaingo haurrak izango dira oholtzan egun horietan.

Hemen XXXII. Antzerki Topaketen egitarau osoa:

Urriak 31, ostirala: Kamikaz Kolektiboaren Euli giro antzerkia helduentzat (estreinaldia). 21:30ean Soreasu antzokian.

Azaroak 1, zapatua: Tartean teatroaren Pankreas antzerkia helduentzat. 21:30ean Soreasu antzokian.

Azaroak 2, igandea: II. Antzerki Eskolen Eguna, 12:00etan plazan. 18:00etan Soreasu antzokian, Eidabe Kultur Elkartearen Egun berri bat lana haur eta helduentzat.

Azaroak 7, ostirala: Masakarada taldearen Arkimedesen printzipioa lana helduentzat. 21:30ean Soreasu antzokian.

Azaroak 8, zapatua: Lakrikun antzerki taldearen Non gaude? obra helduentzat (estreinaldia). 21:30ean Soreasu antzokian.

Azaroak 9, igandea: Txalo taldearen Molli Malonen ipuin sinestezina obra haur nahiz helduentzat. 18:00etan Soreasu antzokian.

Azaroak 10, 11 eta 12 (astelehena, asteartea eta asteazkena): Ikasleei zuzendutako antzerkia.

Azaroak 14, ostirala: Azpeitiko Emakumeen Tailerraren eskutik Orekaren desoreka lana helduentzat. 21:30ean Soreasu antzokian.

Azaroak 15, zapatua: Dejabu panpin laborategiaren Arrastoak lana helduentzat. 21:30ean Soreasu antzokian.

Azaroak 16, igandea: Paraiso teatroaren Erpurutxo lana haur eta helduentzat. 18:00etan Soreasu antzokian.

Azaroak 20, osteguna: Eneritz Artetxeren Konpota lana (antzerki alternatiboa). 21:30ean Gaztetxean.

Azaroak 21, ostirala: Metrokoadroka taldearen Zertarako hegoak? antzerkia (antzerki alternatiboa). 21:30ean Gaztetxean.

Azaroak 22, zapatua: Higa antzerkiaren Espazio hutsak lana (antzerki alternatiboa). 21:30ean Gaztetxean.

Azaroak 23, igandea: Logela multimediaren Barbantxo 3D-ko obra. 18:00etan Soreasu antzokian.