Bustinzuriko Errebala josi nahi dute 'knitting' teknika erabilita

Uztarria.eus 2014ko urr. 24a, 11:30

Bustinzuriko Errebaleko pibotak eta zuhaitzak hariz apaindu nahi ditu Rosario Ibaietak, negua iristen denerako. Modan dagoen knitting teknikarekin lanean ari da Ibaieta, kale horretan duen dendan, baina ekimen "polit" horrekin jarraitzeko, herritarren laguntza behar duela azaldu du.

Knitting teknika kaleak puntozko oihalez janztean datza. Herrialde askotan arrakasta izaten ari da ekimena, eta Ibaietak Azpeitira ekarri du. "Herritarrak animatu nahi ditut etxean soberan dituzten hariak ekartzera, eta ekimen honi batzera", azaldu du Nerea dendako saltzaileak. Haren arabera, denbora-pasa polita da knitting-a; gainera, "asebetetzea" sortzen du: "Denbora librearekin zerbait polita sortzen duzu, herriarentzat den zerbait. Orduak pasatzen ditugu telebistari begira, eta hau beste kultura bat da".

Beraz, Ibaietaren helburua da, auzolanean, Bustinzuriko Errebala jostea, eta kolorez betetzea. "Bizitasuna eta alaitsauna" ekarriko dio knitting-ak kaleari, bere ustez. Ekimenean parte hartu nahi dutenek etxean dituzten hariekin joan beharko dute Bustinzuriko Errebaleko Nerea dendara. Han, Rosario Ibaietak azalduko die nola egin dezaketen beraien ekarpena. Gainera, dendariak azaldu du parte hartzen dutenen artean hariz eginiko opariak zozkatuko dituela. Horrenbestez, aukera polita da knitting-a denbora pasatzeko eta herria apaintzeko.