Unai Iparragirre eta Mireia Epelde txirrindulari ohiak omenduko dituzte VI. Garagardo Azokan

Uztarria.eus 2014ko urr. 8a, 17:24
Garagardo azokako kartela.

Azoka ostiralean, urriaren 10ean, hasiko da, eta bi asteburutan irekiko dute: hilaren 10, 11, 17 eta 18 egunetan. Egitarau anitza antolatu du Iraurgi Saskibaloi taldeak, haurrentzat eta helduentzat.

Unai Iparragirre Txipa eta Mireia Epelde txirrindulari ohiak omenduko dituzte garagardo azokaren seigarren edizioan. Azoka ostiralean, urriaren 10ean, zabalduko dute, eta bi asteburutan egongo da irekita, Berdura plazan: urriaren 10ean, 11n, 17an eta 18an, hain zuzen. Kirolarien omenaldia lehen egunean izango da, iluntzean.

VI. Garagardo Azokak zenbait berrikuntza dakartza aurten. Alde batetik, janari-eskaintza zabaldu dute antolatzaileek. Ukondoaz eta oilaskoaz gainera, solomoa eta gaztaren ogitartekoak salduko dituzte Berdura plazan. Bestetik, garagardo berria gehitu dute azokan: Smithwick’s edari irlandarra.

Prezioei dagokionez, merketu egin dute pitxerraren prezioa. Aurten, euro baten truke eskura dezakete herritarrek edalontzia. Berdura plazan afaldu nahi dutenek ere eskaintza bereziak izango dituzte.

Horrez gain, Iraurgi Saskibaloi Taldeak azaldu duenez, erreserbak egin nahi dituzten pertsonek bost euroko bermea ordaindu beharko dute. Horretarako, Iraurgi Saskibaloi tabernara joan daiteke ostirala, 17:00ak aurretik. Data hori pasatu ostean, azokan bertan egongo da aukera erreserbak egiteko.

Egitarau anitza

VI. Garagardo Azokako ezaugarrietako bat da antolatzaileek prestatu duten egitarau anitza. Gaztetxoentzat eta helduentzat, guztientzat, egongo da zer egina Berdura plazan, ostiraletik aurrera. Gainera, egunero musika zuzenean entzuteko aukera izango dute herritarrek.

Hemen bi asteburuetako egitaraua:

Urriaren 10a, ostirala:

  • 20:00etan Iraurgiko taldeen aurkezpena.
  • Ondoren, Unai Iparragirre eta Mireia Epelde txirrindulariei omenaldia.
  • Segidan, Musika zuzenean: Amamantzako guapuek.

Urriaren 11a, zapatua:

  • 18:00etan, Poxpo, Poxpolin, Inaxito eta Joxepo pailazoen ikuskizuna.
  • Ondoren, musika zuzenean: The romanticos.

Urriaren 17a, ostirala:

  • Musika zuzenean: Downtown trio eta Piti (Elvisabuelo).

Urriaren 18a, zapatua:

  • 16:00etan mus txapelketa azkarra.
  • Musika zuzenean: Azkaiter Pelox.