Eskolaz kanpoko ikastaroetan parte hartzeko diru-laguntzak eskaini ditu Udalak

Uztarria.eus 2014ko urr. 3a, 18:57
Udal ordezkariak eta eskolaz kanpoko ikastaroetako koordinatzaileak eta irakasleak.

3 eta 18 urteko haurrentzat eta gaztetxoentzat izango dira laguntzak, eta beharren arabera banatuko dira. Joan den ikasturteko esperientzia "onaren" ostean, aurten ere bekak ematea erabaki du Udalak, baina eskaera prozesua eta baldintzak "erraztuta", herritar gehiagorengana iristeko. Bekak eskatzeko azken eguna abenduaren 12a da.

Eskola arautuaz kanpoko ikastaroetan eta ekintzetan parte hartzeko diru-laguntzak eskaini ditu Azpeitiko Udalak. Beka horiekin, erakundeak bermatu nahi du herritar guztiek eskolatik kanpoko hezkutza jasotzeko aukera izatea. Ez da egitasmoa onartzen den lehen aldia; izan ere, pasa den ikasturtean ere dirua inbertitu zuten diru-laguntzak emateko.

Joan den ikasturteko esperientzia "ona" dela-eta, aurten ere laguntzak eskainiko dituzte. Hala ere, herritar gehiagorengana iritseko hautua egin du udalak, eta baldintza arinagoak eta eskaera prozesu errazagoa jartzea erabaki du. Guztira, Udalak 30.000 euro jarriko ditu helburu horretarako, eta dirua familien beharren arabera banatuko da: ikastaroen prezioaren %25etik hasi, eta %90a bitartean ordainduko du erakundeak, eta haur bakoitzak, gehienez, bi beka jasoko ditu. Laguntza eskuratzeko, familiek udaletxeko Gizarte Zerbitzuetara edo harrerara joan beharko dute izena ematera, abenduaren 12a baino lehen.

Aipatutako diru-aguntzak arlo hauetako eskolak finantzatzeko dira: arte, dantza eta musikako ikastaroak, Gazteria saileko formazio-ekintzak, kirol esparruko ekintzak eta hezkuntza araututik kanpoko gainontzeko eskolak, beti ere, Udalak azteruta, baliagarritzat eta beharrezkotzat jotzen direnak. Bestalde, laguntzak jasotzen dituzten ikasleek aldizkako kontrolak izango dituzte, ikastaroetara joaten diren edo ez jakiteko. Eskoletara joaten ez badira, beka kenduko zaie.

Honako ezaugarriak izan behar dituzte gaztetxoek beka jasotzeko:

  • 3 eta 18 urte bitartean izatea.
  • Hiru urtez Azpeitian erroldatuta egotea, eta sei urtez Euskal Autonomia Erkidegoan.

Udalak beharra duten familia guztiei eskatu die udaletxera gerturatzeko, beraien seme-alabak "ahalik eta formazio osatuena" izan dezaten.