Carlos Urkijok Udala salatu du presoen senideei bidaietarako laguntzak emateagatik

Uztarria.eus 2014ko urr. 1a, 13:07

Azpeitiko Udala eta beste 23 ditu jomugan Espainiako Gobernuaren EAEko ordezkariak. Eneko Etxeberria alkateak Uztarria.com-i adierazi dioenez, Azpeitiko Udalak jaso du salaketa, eta epaitegietan da kontua.

Azpeitiko Udala eta beste 23 jomugan ditu Espainiako Gobernuaren EAEko ordezkari Carlos Urkijok, presoen senideei sakabanaketaren ondorioz egin behar izaten dituzten bidaietarako diru-laguntzak emateagatik. Eneko Etxeberria alkateak Uztarria.com-i baieztatu dioenez, Urkijoren salaketa jaso dute, eta epaitegietan da kontua. El Pais egunkariak asteburuan jakinarazi zuenez, Azpeitiko Udalak 35.000 euro ematen dizkie urtero presoen senideei espetxeetara egiten dituzten bidaietarako.

24 salaketa horien epairik ez dute plazaratu oraingoz, baina beste hamahiru herritan (Durango, Zumaia, Elorrio, Eskoriatza edo Gernika, tartean) estatuari eman zion arrazoia epaileak, eta diru-laguntza horiek bertan behera utzi behar izan zituzten udalek.