Loiolara itzuli dira auziperatuak, eta urriaren 6ko auzi saiora ez direla joango azaldu dute

Uztarria.eus 2014ko ira. 26a, 14:38
Auziperatuak, eta heuren lagun eta senideak gaur, Loiolan.

Loiolan elkartu dira auzipetuak, senideak eta Aske Gunean izan zirenak. Aiala Zaldibar gazte auziperatuak esan duenez, "ez gara gure torturatzaileen areto berean egongo". Bestalde, Aske Guneko ordezkariek astelehenean Ertzaintzak izan zuen jarrera salatu dute "bortitz aritu zelako", eta herritarrek erakutsitako "erabakitasuna" azpimarratu dute.

Pasa den igandean 28 auzipetuek prentsaurrekoa eskaini zuten toki berean, Loiolako basilikaren aurrean, egin dute agerraldia gaur, ostirala, 1/12 sumarioaren baitan epaitzen ari diren gazteetako batzuk, haien senideek, lagunek nahiz Aske Gunean izan ziren hainbat lagunek. Tartean ziren "erresistentzia eta desobedientzia" leporatuta atxilotu zituzten Esteban Orbegozo azpeitiarra eta Beñat Hagh-embarek ormaiztegiarra.

Epaiketaren lehenengo saioak egin dituzte aste honetan Madrilgo Auzitegi Nazionalean eta datorren urriaren 6an duten saiora ez direla bertaratuko azaldu dute, egun horretan hasiko dira-eta deklaratzen inkomunikazio aldiko poliziak: "ez gara gure torturatzaileen areto berean egongo". 

Pasa berri diren egunak gogoratu ditu Aiala Zaldibar auziperatu guztien izenean, eta "bost egun gogor, baina emozioz betetako bost egun eder" izan direla azaldu du. "Loiola ere maitasunaren eta konpromisoaren ikur bilakatu da, eta baita konpromisodun eta konponbidea nahi duen nahiz epaiketa politikoekin amaitu nahi duen herriaren ikur ere", esan du.

Aske Guneko ordezkariek ere hartu dute hitza agerraldian, eta "legearen alde egiten dutenen eta justiziaren alde egiten dugunon arteko talka" nabarmendu dute: "Batetik, estatu espainiarra, bere salbuespen legedi eta epaitegiekin gazteak espetxeratu beharreko terrorista izendatzen dituena. Bestetik, euskal gizartearen gehiengoa, gazteak militante politikoak direla eta salbuespen politikekin amaitu beharra dagoela irizten duena. Batetik, Ertzaintza, Madrileko aginduak bortxaz betearazteko prest dena. Bestetik, ehunka herritar auzipetuak euren gorputzekin babesteko prest. Batean lege, injustizia eta gerra hotsa. Bestean, injustiziaren aldeko desobedientzia eta auzipetuekiko maitasuna".

Ertzaintzaren jarrera ere salatu dute "bortitz aritu zelako", eta herritarrek erakutsitako "erabakitasuna" goraipatu dute.

Aske Gunean izandakoei eskerrak eman dizkiete, eta mugimendua "auzo eta herrietara" pasatzeko deia egin dute.

Epaiketa astelehenean hasi zen Madrilgo Auzitegi Nazionalean, eta bost gazte auzipetuk bertara ez joateko erabakia hartu zuten, "desobedientziaren hautua" eginda. Bost horiek Loiolan sortu zuten Aske Gunean atxilotu zituzten astelehenean, eta astearteko auzi-saioan bostak espetxeratzea agindu zuen Angela Murillo epaileak.