Nagore Aranburu: "Azpiegiturena baino gehiago, zinemaren loraldia kreatiboa da"

Berria 2014ko ira. 24a, 17:49
Nagore Aranburu aktorea, 'Loreak' filmean.

Loreak filma egiteko, bi aktoreak ia itsu-itsuan jarri dira Jon Garaño eta Jose Mari Goenaga zuzendarien eskuetan; filmaketako ziurgabetasun guztiak uxatu zaizkie pelikula ikusita, eta hunkituta daude orain.

Hunkituta eta pozarren daude Josean Bengoetxea (Donostia, 1964) eta Nagore Aranburu (Azpeitia, 1976). Sentimendu ugari sorrarazi dizkie Loreak filmean lan egiteak, eta hunkituta hitz egiten dute pelikulaz. Hunkituta, eta irribarrea ezpainetan. Hitz onak baino ez dituzte elkarrentzat, baita Jon Garaño eta Jose Mari Goenaga zuzendarientzat zein lantalde osoarentzat ere. Agerikoa da elkarren arteko konplizitatea eta miresmena. Aurrez ere elkarrekin lan eginak dira, Telmo Esnalen Urte berri on, amona!-n (2011), adibidez. «Ikusten da orduak eman ditugula elkarrekin: pentsatzen ari nintzena esaten ari zara...», esan dio Bengoetxeak Aranbururi, lehen galdera erantzun orduko.

Euskal ekoizpenei dagokienez, oparoa izaten ari da aurtengo Zinemaldia, baita bi aktoreentzat ere: Loreak filmean ez ezik, Aitor Arregiren Zarautzen erosi zuen film laburrean protagonistaren rola jokatu du Aranburuk; Bengoetxeak, berriz, Los tontos y los estúpidos (Roberto Caston), Lasa eta Zabala (Pablo Malo) etaNegociador (Borja Kobeaga) filmetan parte hartu du. Ohiko zereginez gain, badute lanik egunotan, eta filmik ikusteko denborarik ere ez dutela diote, baina Loreak estreinatu aurretik tarte bat hartu dute BERRIArekin hitz egiteko.

Sail Ofizialean sartu dute Loreak. Nola hartu duzue hori? 

NAGORE ARANBURU: Nik, ilusio handiarekin. Zinemaldian bioi tokatu zitzaigun egotea, Esnalen pelikularekin. Oraingoan desberdin, etxean egon arren Sail Ofizialak ematen duen errespetu horrekin. Uste dut ametsetako bat beti izan dela festibal honetan pelikula bat izan eta etxean aurkeztea. Gainera, jakinda nola hunkitu nintzen pelikula ikustean... Alde horretatik lasai nago. 

JOSEAN BENGOETXEA: Nik ere hori esango nuke, oso lasai etorri garela, oso babestuta. Pelikulaz hitz egitean oraindik ere emozionatu egiten naiz, benetan! Ikusi nuenean hunkitu egin nintzen, baina, gero, gogoratzen dudan bakoitzean... Sail Ofizial batean egoteak ez nau emozionatzen; badakit ze arrakasta edo arrisku ekar dezakeen horrek; pelikulak berak emozionatzen nau.

Oso gustura geratu zarete biak.

J.B.: Bai, txundituta.

N.A.: Nik aukera izan dut lantalde guztiarekin ikusteko, eta oso polita izan zen. Filmak ez du egitura konbentzional bat, eta, egiten ari ginela, banituen zalantzak, dudak, beldurrak... Ilusioz bai, baina ez genekien oso ondo zertan ari ginen ere, eta ikusteko garaian ere beldur hori banuen, baina ikaragarri gustatu zitzaidan. Ikusi nuenean, filmaketako gauza asko ulertu nituen, eta Jon [Garaño] eta Jose Mariren [Goenaga] lana. 

Irakurri elkarrizketa osorik, Berriaren webgunean.