Inauguratu dute baratza parkea

Uztarria.eus 2014ko ira. 24a, 13:48
Kutxabankeko, Kutxa Ekoguneako eta Azpeitiko Udaleko ordezkariak, Olatz auzoko baratza parkean.

Egun, guztira, 116 lur-sailek osatzen dute baratza parkea; Otzaka aldean 2007tik dauden 72k eta Olatz ondoan egokitu duten zelaian egin dituzten 44k. Oraindik hainbat lur-sail banatu gabe daude, eta eskuratu nahi dutenek izena emateko aukera dute.

Kutxa Ekoguneko eta Azpeitiko Udaleko ordezkariek gaur, asteazkena, inauguratu dute Azpeitiko baratze parkea. Egun, guztira, 116 lur-sailek osatzen dute baratza parkea; Otzaka aldean 2007tik dauden 72k eta Olatz ondoan egokitu zuten zelaian egin zituzten 44k.

Guzti horietatik 85 banatu ditu Udalak. 85 lur-sail horiek banatzerakoan "irizpide sozialak" erabili dituztela azaldu du Eneko Etxeberriak eta, horrenbestez, baratzak eskatzerakoan "lehentasuna" izan dutela langabetuek eta erretiratue. Langabetuek 26 lur-sail eskuratu dituzte, 30 erretiratuei eman dizkiete, eta gainerako 30ak baldintza horiek betetzen ez dituzten herritarrei egokitu dizkiete. Hiru lur-sail talde berezientzat gorde dituzte, eta 28 dituzte herritarren artean banatzeko. Lur-saila eskuratu nahi duten herritarren izena eman dezakete udaletxeko hirugarren solairuko Hirigintza sailean.

Baratza parkearen helburuak Mikel Insausti Kutxa Ekoguneko zuzendariak azaldu ditu, eta haren arabera, "aisialdi kolektiborako topagune bat sustatuz zein gizatalde ezberdinen arteko elkarbizitza eta harremanak eta belaunaldi desberdinen arteko trukea bultzatuz, nekazaritza ekologikoari bultzada eman nahi zaio".

Proiektua garatu ahal izateko 80.000 euro bideratu ditu Kutxabankek gizarte ekintzara, eta Kimu Bat enpresarekin lankidetzan osatu dute parkea. Azpeitiko baratza parkea Gipuzkoako bederatzigarrena da, eta Kutxa Ekoguneak proiektua hamasei herritara zabaltzea du helburu.