Hiromi Yoshida: "'Rakugo'-ak Pernando Amezketarrarekin alderatu izan dira"

Gipuzkoako Hitza 2014ko ira. 19a, 11:21
Hiromi Yoshida. (Nerea Uranga)

Oporraldia pasatzera, baina lan egiteko asmotan etorri da oraingoan ere Hiromi Yoshida (Yuzawa, Japonia, 1960) Azpeitiara. 1995etik ia urtero etorri da: "Beti ekartzen ditut egiteko lan batzuk". Euskara ikertzen eta erakusten dihardu Japonian. Linguistika munduko ikertzailea da Yoshida: "Beraz, noizik eta behin, artikulu batzuk atera behar ditugu, doan. Baina ikertzaile lana hori da, eta horretarako datuak jasotzera etortzen naiz".

Orain, euskalki batzuk ikertzen ari dela dio: "Batez ere Azpeitiko euskara aztertzen ari naiz, eta, aldi honetan, Zestoako euskararekin ere ari naiz". Ikerketarako ahozko hizkuntza gehiago interesatzen zaiola dio. Egonaldi honetan, Japoniako rakugo-a eta ipuin kontaketako emanaldiak egiten ari da. Azpeitiko Udal Liburutegian, rakugo-en emanaldia egin zuten atzo, osteguna, eta astelehenean, berriz, haurrentzako Japoniako ipuinak kontatuko ditu hantxe bertan.

Hemen datuak bildu, baina Japonian euskara irakasten duzu.

Japonian unibertsitateko hainbat fakultatetan ematen ditut eskolak: Tokioko unibertsitatean euskara eta linguistika ematen ditut, eta urtean bi aldiz Osakara joaten naiz euskarako ikastaro trinkoa ematera. Aurten, Osakan berrogei ikasle izan ditut, eta Tokion 28-30 inguru.

Japonian nolatan hasten dira euskara ikasten?

Hori galdetu ohi diet ikasleei, eta batzuek diote euskara hizkuntza berezia dela, hizkuntza munduan seniderik ez duena, eta horregatik interesatzen zaiela. Beste batzuek, berriz, hemengo futbola interesatzen zaiela diote, eta hortik ezagutu zutela Euskal Herria delakoa badela.

Elkarrizketa osoa Gipuzkoako Hitza-ren webgunean.