Patxi Azkargorta zendu da

Uztarria.eus 2014ko ira. 10a, 14:42
Patxi Azkargorta Koldo Aldalurrekin 2013ko Santo Tomasetan.

Gaur, irailak 10, zendu da, 88 urterekin. Jatorriz bergararra zen Azkargorta, baina Azpeitian bizi zen 24 urte zituenetik. Hezkuntzan, merkataritzan edota kirolean egindako lanagatik zen ezaguna herrian. Hileta elizkizuna gaur, osteguna, izango da, 19:00etan hasita, Soreasuko Sebastian Donearen parrokian.

Patxi Azkargorta (Bergara, 1926) Ilunpe Pilota Elkarteko aurreneko lehendakaria zendu da. Ilunperen eta pilotaren alde hainbat lan egin zuen Azkargortak. Bergaran jaiotakoa bazen ere, Azpeitira etorri zen bizitzera 24 urterekin. Herrian oso ezaguna zen, ez pilota munduan soilik: Azpeitiko Ikastolaren sortzaileetakoa izan zen, Azpeitiko tindategirik zaharrena berak zabaldu zuen, eta Xabier Azkargorta futbol entrenatzaile eta hautatzailearen zein Iñaki Azkargorta Kaki futbolari ohiaren aita zen, besteak beste.

Uztarria aldizkariak 2011ko apirilean egindako elkarrizketan honela azaldu zuen lanbidea eta afizioa Azpeitian nola uztartu zitzaizkion: "Tindatzailea nintzen, eta komertzial batek esan zidan Azpeitian ez zegoela tindategirik. Lekeition tindategi berri-berri bat itxi egin zuten; hura oso-osorik erosi eta Azpeitira ekarri nuen, hemen lokala bilatuta. Kasualitatea, frontoi aurre-aurrera etortzea eta, nahi gabe, beharko sartu. Orduan hasi nintzen pilota txapelketak antolatzen zituztenei laguntzen. Landeta aldean-edo bizi izan banintz, beharbada ez nuen horrenbesteko hartu-emanik izango pilotarekin. Baina aurrez aurre frontoia bertan izanda, erderaz esaten den bezala por cojones beharko heldu pilotari".