Hasieratik "maila ona" erakustea du helburu Azpeitia-Azkoitia ISBk

Urola Kostako Hitza 2014ko ira. 2a, 13:13

Iraurgi SBk prest du datorren denboraldia, eta Azpeitia-Azkoitia ISB taldeak abiatu du dagoeneko denboraldi-aurrea. Azken urteetako arazoari egin behar izan dio aurre beste behin saskibaloi taldeak, arazo ekonomikoaren ondorioz kolokan egon baita Azpeitia-Azkoitia ISBren etorkizuna. Iker Bueno taldeko entrenatzailearen esanetan, erakunde publiko eta pribatuen diru laguntzen murrizketen eraginez ari dira jasaten arazo ekonomikoak, baina klubak taldearen aldeko apustua egitea erabaki du. Beraz, beste urte batez Espainiako Zilarrezko LEB mailan arituko da klubeko talde nagusia.

Entrenatzailea jakitun da klubak "egoera zaila" bizi duela, eta talde nagusiak "gastu dezente" eragiten diola elkarteari. Dena den, "ahalik eta talderik onena" osatu nahi dute, eta entrenatzaileak ez du uste egoera ekonomikoak taldearen kalitatean eragingo duenik. "Lehiakorrak izaten jarraituko dugu".

Taldea guztiz osatu gabe egonik, entrenatzaileak "zaila" du denboraldiko helburuak finkatzea. Dena den, erronkarik nagusiena hasieratik "maila ona" erakustea du taldeak: "Lehenengo partidatik irabazten hastea nahi dugu, eta aurten play-off-etako borrokan egotea da gure asmoa".

Albistea osorik Urola Kostako Hitza-ren webgunean.