Eman bizkarra Munillaren sermoiari

Maje LarraƱaga 2014ko ira. 1a, 12:44

Maje Larrañaga azpeitiarrak abuztuaren 3an igorritako iritzi artikulua da hurrengoa.

Aspaldi utzi nion Elizako bezero izateari. Horrexegatik batzuen ustez "ni ez naiz nor (izango) zuen etxean sartzeko", baina Munilla jaunaren omilia dela eta hitz gutxi batzuk esan nahi nituzke.

Egia esan, ezinezkoa egin zitzaidan sermoia bere osotasunean jarraitzea. Hasiera zuzenean entzun nuen, "hau suertie!". Erlijio moral eta literaturaren arteko paralelismo bat abiapuntutzat harturik oso erreferente euskaldunak bota zituen mikrotik lau haizetara: Mantxako Kixote eta Juan Tenorio Jauna. Bata printzipio eta ohore handiko gizontzat hartuz eta bestea, aldiz, bibidoretzat. Hortik aurrerakoak prentsatik jakin izan ditut kanpora joan bainintzen neure osasuna babesteko.

Ez pentsa buelta ederragoa izan zenik. Mosulen hildako kristauen alde otoitz egiteko eskatu zigun. Ez al dute merezi gure otoitza Palestinan hildako musulman guztiek? Burura etorri zitzaidan lehen galdera, gertatzen ari dena ikusi eta gero. Gure errezuak nori eskaintzeko zerrenda luze xamarra egin beharko genukeela uste dut. Hasi geure herritik eta munduan barna dauden gatazka guztietara iritsi nahiko bagenu. Beraz, kristautasunak horrela eskaturik, ez al genuke guztiengatik egin beharko otoi?

Baina jendea ez zen mugitu, izan ere, Meza Nagusiko erritualak eskatzen duen modura, zintzo eta isil egon behar gara momentu horretan. Baina pentsatu nahi dut han zegoen jendearen artean, nire moduan zer pentsa izan zuten lagunak egongo zirela.

Ni, elizetako bezeroa banitz, kanpaina bat proposatuko nuke: "Eman bizkarra Munillaren sermoiari".