Marea Arroxak ekarri zuen mezua

Uztarria.eus 2014ko uzt. 28a, 12:35

Pasa den zapatu arratsaldean, euskal preso, iheslari eta deportatuen eskubideen aldeko aldarriak hartu zituen Erdikalea eta plaza. Marea Arroxak mezua dakar... euskal preso, iheslari eta deportatuak etxera! egitasmoa izan zen 18:30ean hasita, eta herritar ugarik hartu zuen parte. Festa eta aldarriak bat egin zuen buruhandiek zein trikitilariek lagundutako kalejiran, eta barruan mezua zeraman boteila handi bat Perez Arregi plazatxotik plazaraino eraman zuten, behin plazan barruko mezua irakurtzeko. Musikak eta dantzak osatu zuten ekitaldia, eta ondoren kantaldia eta mokadua izan ziren plazan bertan. 21:00etan, berriz, herri afaria izan zen Berdura plazan, eta 200 bat lagun bertaratu ziren.