Madalenako ospitale berritua zabalduko dute udan

Uztarria.eus 2014ko uzt. 24a, 18:18
Udaleko eta Jesusen Lagundiko ordezkariak, Madalenan.

Azpeitiko Udalak eta Jesusen Lagundiak sinatu dute hitzarmena, bisitariak "Loiolatik Azpeitira gerturatzeko nahiarekin". Abuztuaren 31 bitartean joan daiteke eraikina bisitatzera, eta aurki argitaratuko dituzte egutegia eta ordutegiak.

Madalenako ospitale berritua udan zabaltzeko hitzarmena sinatu dute Azpeitiko Udalak eta Jesusen Lagundiak. Udalak adierazi duenez, turismoa "faktore garrantzitsu" bilakatu nahi du legegintzaldi hasieratik, eta hori erabaki zuten Azpeitia 2025 Plan Estrategikoan. Horrenbestez, Loiola auzotik herrira "bidea egiteko" baliabideak jartzen ari da Udala, "bisitariak Loiolatik Azpeitira gerturatzeko nahiarekin".

Datozen egunetan argitaratuko dute ospitalea bisitatu ahal izateko egutegia eta ordutegiak. Iraurgi Berritzeneko Turismo saila arduratuko da lan horretaz. Hala ere, jakinarazi dute ospitalea irekita egongo dela abuztuaren 31 arte.

Bestalde, Udalak nabarmendu du ospitalearekin ez ezik, auzoarekin ere "konpromisoa" hartu duela. Haien arabera, "ondareaz gain, auzoa garrantzitsua da, herriaren sarreran kokatzen delako". Ospitalea ireki eta hari indarra emanda, beste leku interesgarri batzuk nabarmentzea lortu dutela azaldu dute; horien artean, ermita, parrokia edo Alde Zaharra.