Euskal Herriko Bakarkako VI. Sega ligaxkako azken proba Azpeitian jokatuko dute

Uztarria.eus 2014ko uzt. 23a, 20:02
Euskal Herriko Bakarkako VI. Sega ligaxkako probaren aurkezpeneko argazkia.

Proba igandean egingo dute, 11:30ean, Azpeitiko Ikastola Ikasberri ondoko zelaietan. Lau lehiaketa jokatuko dituzte: gizonena, emakumeena, gazteena eta 12 eta 13 urte bitarteko gaztetxoena. 

Euskal Herriko Bakarkako VI. Sega ligaxkako azken proba jokatuko dute herrian, uztailaren 27an, igandean, 11:30etik aurrera. Garikoitz Llobregat Almitza Euskal Herriko Sega elkarteko ordezkariak esan duenez, igandekoa proba "erabakigarria" izango da. Izan ere, ez daude puntu-tarte nabarmenak lehen sailkatuen artean; ez gizonezkoen mailan, ezta emakumeen artean ere. Igandeko proban, 100 metro karratu moztu beharko ditu gizon bakoitzak, eta 35na, berriz, emakumeek eta gazteek. Helburua izango da belarra ahalik eta azkarren eta txukunen moztea. Llobregaten hitzetan, modalitatearen xedea ez da "pisua", "abiadura eta egokitasuna" baizik.

Guztira, 29 gizonek, zazpi emakumek eta hiru gaztek hartuko dute parte ligaxkan. Horiez gain, 12 eta 13 urteko gaztetxoak arituko dira belarra mozten. Beraz, lau erakustaldi egingo dituzte segalariek igandean. Euskal Herriko ligaxkako bi proba jokatuta, honela daude sailkapenak:

Gizonak:

  1. Igor Esnaola: 148 puntu.
  2. Migel Mari Jauregi Altzo: 148 puntu.
  3. Mikel Garaialde: 143 puntu.

Emakumeak:

  1. Alazne Etxaburua: 150 puntu.
  2. Ainhoa Galarraga: 146 puntu.
  3. Aloña Galarraga: 144 puntu.

Gazteak:

  1. Jon Otaegi.
  2. Unai Mitxelena.
  3. Aitor Intxausti.

Azpeitira dator Europa

Europako Sega txapelketa Azpeitian jokatuko da, Loiolako Santutegiko belardietan, 2015eko abuztuan. Bi urtean behin jokatzen da proba hori, eta joan den urtean, 2013an, Hego Tirolen lehiatu ziren segalariak, Austria eta Italia arteko eskualdean. Hain zuzen, Almitza elkarteak Euskal Herrira ekarri duen modalitatea, belarra "azkar eta txukun" moztea xede duena, Europako herrialde batzuetatik jasotako ohitura da.