'Marea Arroxak mezua dakar' egitasmoa antolatu dute larunbaterako

Uztarria.eus 2014ko uzt. 22a, 14:50
Larunbateko ekitaldiko kartela.

Ekitaldiaren helburua da barnean gutuna daraman botila Etxe Zuritik plazara eramatea; han, euskal presoen, iheslarien eta deportatuen eskubideen aldeko mezua irakurtzeko. Mezua irakurri ostean, afaria egingo dute berdura plazan, eta sarrerak salgai daude jada: Orkatzen, Txarrantxan, Pikuan eta Izaron.

Marea Arroxak mezua dakar... euskal preso, iheslari eta deportatuak etxera! lelopean, egitasmo herritarra antolatu dute Erdi Kalean, uztailaren 26rako, zapaturako, 18:30etik aurrera. "Euskal preso, iheslari eta deportatuen eskubide urraketekin amaitzea" beharrezkoa dela aldarrikatuko dute ekitaldian. Ildo beretik, "giza eskubideak bermatzeko" eskatuko dute, "konponbidearen eta bakearen" esparruan "urratsak eman" daitezen.

Antolatzaileek azaldu dutenez, honakoa da egistamoa: Marea Arroxak bueltan herrira ekarriko du "noizbait norbaitek itsasora botatako botila". Botila hori plazaraino eramateko, Etxe Zuri aurrean, herritarrez osatutako olatua egingo dute, eta parte-hartzaileek eramango dute plazara bi metroko botila. Behin herriko plazan, botilaren barruko mezua irakurriko dute. Ekitaldia antolatu dutenen arabera, ibilbidea "jendez betetzea" da egitasmoaren helburua. Horretarako, herriko talde eta eragileak egongo dira kaleak alaitzen. Bestalde, olatu bateratua osatzeko, herritar guztiak arroxa kolorez jantzita joateko eskatu dute. 

Etxe Zuri aurrean hasitako ekitaldiak plazan jarraituko du, mokaduarekin eta kantaldiarekin. Horren ostean, 21:00etan, afaria egingo da berdura plazan, eta jatorduko txartelak salgai daude dagoeneko, Orkatz, Txarrantxa, Pikua eta Izaro tabernetan. Honakoa adierazi dute antolatzaileek: "Egunean zehar antolatutako ekimenetan parte hartzera gonbidatu nahi ditugu herritarrak. Guztion artean sortuko dugu guztiak etxeratuko dituen marea arroxa!"