Bakailao Txapelketan izena emateko epea uztailaren 28an amaituko da

Uztarria.eus 2014ko uzt. 21a, 18:03
Festa Herrikoien batzordeko kideak, Oilagorra elkartearen aurrean.

Urtero bezala, abuztuaren 1ean jokatuko da lehiaketa; eta, aurten, 40 taldek izango dute proban parte hartzeko aukera. Lanak amaitu ostean, sariak banatuko dituzte, eta bazkaria egingo dute berdura plazan.

Bakailao Txapelketaren VII. edizioa antolatu du Festa Herrikoien batzordeak, Uztailaren 1erako, urtero bezala. Aurtengoan, 40 talde arituko dira sukaldari lanetan, eta uztailaren 28an, datorren astelehenean, 13:00a baino lehen eman beharko da izena lehiaketan. Horretarako, honako telefono zenbakietara dei daiteke: 943 15 70 68 edo 685 78 30 88. Txapelketan parte har dezakete sukaldari profesionalak ez diren herritar guztiak, eta elkarte edo norbanako bezala eman dezakete izena.

Bakailao Txapelketa abuztuaren 1ean izango da, 11:00etan. Hala ere, parte-hartzaileek 10:45erako plazan egon beharko dute. Festa batzordeak jarriko ditu olioa, baratxuria, bakailaoa, sua eta mahaia. Taldeek ontzia eraman beharko dute, eta jakiari beste osagairen bat gehitu nahi badiote, beraien esku egongo da lehiaketara hura eramatea. Dena prest dagoenean, 40 minutu izango dituzte parte-hartzaileek kilo bat bakailao pil-pil erara prestatzeko, eta bi minutuko tartearekin hasiko dira taldeak.

Bestalde, epaimahaia sukaldari profesionalek, herritarrek eta gonbidatu bereziek osatuko dute. Haiek bakailaoaren aurkezpena eta saltsa hartuko dituzte kontuan puntuak ematerakoan. Honako sariak banatuko dituzte txapelketan:

Lehen sailkatua: bi txapel eta lau lagunentzako otordua.

Bigarren sailkatua: ardo ondua eta bi kilo txuleta.

Hirugarren sailkatua: bi lagunentzako otordua.

Elkarte irabazlea: kutxara erraldoia.

Lanaren ostean, mokadua

Txapelketa amaitu ostean, berdura plazan bazkaria egingo dute, lehiaketan prestatutako bakailaoarekin. Otorduak 20 euroko prezioa izango du langileentzat, eta langabe eta ikasleek, berriz, 15 euro ordaindu beharko dituzte. Bestalde, lehiaketan prestatutako bakailaoa etxera eraman nahi dutenek, 60 euro ordaindu beharko dituzte.