Josu San Sebastian: "Gure helburua da korrikalariak ondo tratatzea eta mendia garbi uztea"

Uztarria.eus 2014ko uzt. 9a, 22:16

Ehunmilak ultratrailaren bosgarren edizioa ostiralean abiatuko da Beasaindik. 55 kilometro egin ostean, Azpeitira iritsiko dira korrikalariak, 23:30ean, gutxi gorabehera. Aurten, 1.300 boluntario inguruk lagunduko dute lasterketa antolatzen, eta haietatik hogei azpeitiarrak dira. Josu San Sebastian (Azpeitia, 1971) koordinatzaile lanetan dabil Lagun Onak Mendi Bazkunako mendi-lasterketen lantaldean.

Noiztik laguntzen duzue Ehunmilak ultratraila antolatzen?

Lehen ediziotik ari gara laguntzen, beraz, badira bost urte. Beasaingo antolatzaileak ezagunak ditugu; eta, hasieran, haiek azaldu ziguten lasterketa berria prestatzen ari zirela. Horrenbestez, bilera batzuk egin genituen, eta erabaki genuen gure eskualdean lagunduko geniela. Egia esan, lehen urte hura izan zen txarrena guretzat. Izan ere, dena berria zen, eta ez genekien gauzak nola egin. Hurrengo urteetan hobeto moldatu gara.

Herrian, gutxi gorabehera, zenbat pertsonek laguntzen duzue lasterketa prestatzen?

Hogei lagun inguruk laguntzen dugu lasterketarekin. Gure eremua honakoa da: Xoxoteko aterpetik hasi, Azpeitiko plazara jaitsi, eta Arautzako tontorrerainoko bidea. Gure lana amaitzen den lekuan, zestoarrena hasten da. Gure egitekoa, batik bat, kirolariei jatekoa ematea eta haiek animatzea da.

Egunean bertan lana egingo duzue, baina aurretik ere bai, ezta?

Bai. Hala ere, lan gehiena Beasaingo antolatzaileek egiten dute. Haiek ematen digute materiala guri: balizak, seinaleak, argiak, janaria eta abar. Lagun Onak Mendi Bazkunaren egoitzan gordetzen dugu haien materiala, eta beasaindarrek eskatutako moduan antolatzen dugu guztia. Gure helburua da korrikalariak ondo tratatzea eta mendia garbi uztea.

Azken hilean zenbat aldiz bildu zarete?

Beasaingo antolatzaileei dagokionez, telefonoz komunikatu ohi gara haiekin. Azpeitiko taldea, berriz, astero biltzen da. Izan ere, guk Ehunmilak ez ezik, Zuzenien bertikala eta horrelako mendi-lasterketa batzuk antolatu ohi ditugu. Sei pertsona biltzen gara, Lagun Onak Mendi Bazkunako lantaldean; eta, ondoren, inguruko pertsonek laguntzen digute lanarekin. Horrela funtzionatzen dugu lasterketa guztietan.

Zer egingo duzue ostiralean?

Ostiralekoa egun osoko lana izango da. Eguerdian hirukote bat bilduko da, eta plazatik hasi eta Xoxotera doan bidea markatuko dute, zintekin, argiekin eta banderatxoekin. Bestalde, beste bi lagunek Arautzako bidea markatuko dute, han ere lana egoten baita: bideak itxi, baserritarrekin hitz egin… Behin hori amaituta, arratsaldean, zazpiak inguruan-edo bilduko gara. Bi edo hiru lagunek Lagun Onakeko lokaletik tresnak hartuko ditugu, eta guztia prestatuko dugu gauerako. Ondoren, gaueko hamarrak inguruan jarriko ditugu hesiak Etxe-Zuri taberna ingurutik hasita, eta aurreikusten dugu hamaika eta erdiak aldera iritsiko direla lehen kirolariak Azpeitira. Bi txanda egingo ditugu haiei laguntzeko: bat bederatzietatik goizeko hiruretara-edo, eta bestea hiruretatik amaitu arte, sei eta erdiak arte, gutxi gorabehera. Horiez gain, beste boluntario batzuk Xoxoten eta Arautzako tontorrean egongo dira. Dena dela, azken korrikalariak plazatik pasatu ostean, dena jaso behar da, eta askotan egun argiz amaitzen dugu, goizeko bederatziak eta hamarrak artean.

Eguraldiak ere eragingo du lanean, ezta?

Bai, eguraldi onarekin dena da errazagoa, eta geu ere lasaiago egoten gara. Eguraldi txarrarekin, aldiz, begiratu egin behar da bideko markak ongi dauden eta korrikalariak bide onetik doazen. Denentzat da zailagoa, kirolarientzat eta antolatzaileentzat.

Eskualde guztietako boluntarioak elkarrekin kontaktuan zaudete?

Bai. Joan den urtean, adibidez, Goierrin oso eguraldi txarra zegoela-eta, deitu egin ziguten. Gure artean hitz egin behar dugu; hala ere, gu, batik bat, zestoarrekin komunikatzen gara. Bestalde, irratia dugu; eta, horrela, badakigu lasterketa zer fasetan dagoen, eta non doazen korrikalariak.

Urteren batean suertatu zaizue eguraldi oso txarra?

Ia beti egiten du eguraldi txarra. Lehen urtean, adibidez, laino-itsua suertatu zitzaigun: ez zen ezer ikusten, ezta bi metroetara ere. Nola edo hala lortu genuen lasterketa bideratzea, baina zoramena izan zen hura. Horregatik, oso garrantzitsua da dena ondo markatzea, eta seinale asko jartzea. Hala ere, gure egitekoa nahiko arina da. Etxegaratetik, adibidez, bi gauetan pasatzen dira, eta hango lantaldeak izugarrizko esfortzua egin behar du, baina guk gau batez egiten dugu lana. Nik aipatu nahiko nuke Beasaingo antolatzaileen jarduna, izugarrizko pazientzia dute, eta oso ondo antolatzen dute guztia.