Bengoetxea eta Irujo Izarraitz pilotalekuan izango dira, San Inazio egunean

Uztarria.eus 2014ko uzt. 4a, 12:26

Bigarren partidako pilotarien izenak jakinarazi dituzte, eta aurrenekoan Kepa Peñagarikanok jokatuko duela ere aurreratu dute Aspek eta Asegarcek.

San Inazio egunean, hilaren 31n, eskuz binakako pilota partidak izango dira Aspek eta Asegarcek antolatuta Izarraitz pilotalekuan, eta jakinarazi dituzte bigarren partida jokatuko duten pilotarien izenak.

Aurreneko partidan lehiatuko diren pilotarien izenak ez dituzte iragarri oraindik, baina Kepa Peñagarikanok jokatuko du, eta bere ibilbide profesionaleko azken partida izango da.

Bigarren neurketan, berriz, Oinatz Bengoetxea eta Mikel Beroiz ariko dira nor baino nor Martinez de Irujoren eta Rezustaren kontra. Bengoetxeak orkatila bihurritu zuen martxoan. Ez du parte hartu ez eskuz banakako eta ez binakako txapelketan, eta saninazio egunez jokatuko du berriz aurrenekoz.