Datorren ikasturtean ikastaroak emateko laguntza eskainiko du Udalak

Uztarria.eus 2014ko uzt. 3a, 17:28

Proposamenak uztailaren 18rako aurkeztu beharko dira, udaletxeko sarrera erregistroan. Aukeratutako ikastaroak egiteko lokalak uzteaz eta haiei publizitatea egiteaz arduratuko da Azpeitiko Udala.

2014-2015 ikasturtean ikastaroak eman nahi dituzten pertsonek edo taldeek Azpeitiko Udalari laguntza eska diezaiokete uztailaren 18a, ostirala, bitartean. Aukeratutako proiektuen arduradunek hitzarmena sinatuko dute Udalarekin, eta erakundeak honako baliabideak eskainiko dizkie: ikastaroa emateko lekua eta publizitatea. Balbintza hauek bete behar dituzte interesatuek aukeraketa prozesuan parte hartzeko:

  • Ikastaroa eman behar duten pertsonek edo taldeek ikastaroaren gaiaren inguruko titulazioa edo lan-eskarmentua erakusten duen agiria izan behar dute.
  • Herriko beste lekuetan ez dagoen ikastaroa izan behar du aurkeztutakoak.
  • Udaleko sailen bateko helburuekin bat egin behar du proiektuak.

Baldintza horiek betez gero, honakoa aurkeztu behar da deialdirako:

  • Udaleko eskaera orria, beteta.
  • Proiektuari buruzko txostena, zati hauekin: ikastaroaren deskribapena, helburuak, edukiak, metodologia, iraupena, prezioa eta nori zuzendua dagoen jartzen duen azalpena.
  • Irakaslea edo irakasleak ikastaroa emateko prestatuta daudela erakusten duen agiriren bat (titulazioa edota lan-eskarmentuaren erakuslea).

Joan den ikasturtean ikastaroa eman duten pertsonek proiektu berari eutsi nahi badiote, ez dute txostena egin beharrik. Haiek eskaera orria soilik aurkeztu beharko dute. Zalantzarik izanez gero, honako telefono zenbakira dei daiteke: 943 15 79 28.