Larunbatean hasiko da Azpeitia Dantzan egitasmoa, Sahatsa dantza taldearen emanaldiarekin

Uztarria.eus 2014ko uzt. 2a, 14:11
'Kondairaren oihartzunak' ikuskizuneko une bat. (Sahatsa dantza taldea)

Azpeitiko Udal Musika Bandak, Julian Barrenetxea abesbatzak eta Sahatsa dantza taldeak eskainiko dute emanaldia, eta hurrengo bi asteburuetan ere hainbat ekitaldi izango da. Egitasmoaren baitan lau emanaldi izango dira guztira.

Aurten ere Azpeitia Dantzan egitasmoa egingo da uztailean. Guztira lau emanaldi izango dira uztaileko hiru asteburutan, eta Soreasu antzokian eta Done Jakue parkearen inguruan izango dira.

Azpeitiko Udal Musika Bandak, Julian Barrenetxea abesbatzak eta Sahatsa dantza taldeak eskainiko dute Azpeitia Dantzaneko lehenengo emanaldia. Zapatuan, ekainaren 5ean, izango da Soreasu antzokian, 22:00etan hasita. Kondairaren oihartzunak izena du emanaldiak, eta antolatzaileek esan dutenez, "aspaldiko garai zailetara" eramango ditu ikusleak: "Sorginen istorioak, akelarre handien ospakizunak, akerrari gorazarreak, bardoak Auñamendin bailaretako biztanle ahulenen artean justizia banatzen, euskal lurretako lasaitasuna mehatxatu zuten inbasio eta inbasoreak, kontaezinezko baskoien guda ugarietako garaipenak" oholtzaratuko dituztela azaldu dute Sahatsakoek.

Bi zatiko ikuskizuna osatu dute Sahatsa Dantza taldekoek, errenazimenduan du abiapuntu eta ezpata dantza, dantza herrikoiak eta zezen eta makil jokoz hornitutako festak ditu ardatz bigarren zati alaiean. Pablo Sorozabal, Jesus Guridi, Turrillas, Johann Strauss eta Robert W. Smith-en musika erabili dute.

Beste hiru emanaldi

Hurrengo asteburuan, uztailaren 13an (igandea), Jose Mari Orbegozok zuzendutako areto dantzen taldea izango da Soreasuko oholtzan, 20:00etatik aurrera.

Hilaren 19an, zapatuan, Itsasi dantza taldeak eskainiko du emanaldia. Ainara Bidalek eta Maite Maizek zuzendutako dantzariak Soreasu antzokian izango dira 20:00etatik aurrera. 

Azpeitia Dantzan egitasmoko azken emanaldia uztailaren 20an, igandean, izango da. Ronde-Bi ahizpa izeneko emanaldia eskainiko dute Frantziako Rouge Eleak konpainiako Celia Asselin eta Ander Fernandez dantzariek. Kale ikuskizuna izango da, Done Jakue parkearen inguruan, eta, bertan, dantza eta zirkoa uztartuko dituzte. Emanaldia Fanny Soriano eta Corine Cellaren gidaritzapean egingo da.