Lide Gurrutxaga: "Profesionalen ardura ere bada epaitegietan euskaraz egiteko konpromisoa hartzea"

Uztarria.eus 2014ko eka. 26a, 13:08
Lide Gurrutxaga, Zuzenbidean lizentziatua.

Zaila da justiziaren alorrean euskaraz aritzea: herritarrek eskubidea dute beraien hizkuntzan mintzatzeko, baina langileak, oro har, ez daude behartuta euskara ikastera. Kontraesan horri aurre egin behar diote euskaldunek epaitegietan. Lide Gurrutxagak (Azpeitia, 1991) erronka hori landu du Euskararen erabilera eta normalizazioa epaitegietan: ekimenak eta emaitzak lanean. Txostena argitaratu du Zuzenbidea ikasten. Irakaskuntzarako aldizkaria Euskal Herriko Unibertsitateko argitalpenak.

Zer azaldu duzu zure lanean?

Euskarak epaitegietan duen egoera aztertu dut. Batik bat, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako errealitatea landu dut, herrialde horietako datuak izan baititut eskura. Alde batetik, aurkeztu ditut euskararen normalizaziora bidean sustatu diren legeak; eta horiek, praktikan, nolako oihartzuna izan duten. Bestalde, azken urteetako ekimen eta proiektu garrantzitsuenak nabarmendu ditut; ondoren, ondorioak ateratzeko.

Gaur egun, posible da epaitegietan egin beharreko urrats guztiak euskaraz egitea?

Berez, bai. Izan ere, herritar guztiek dute eskubidea epaitegietan euskaraz jarduteko. Hala ere, langileekin dago arazoa. Epaileek, fiskalek eta idazkariek, oro har, ez dakite euskaraz, eta ez zaie behartzen hizkuntza ikastera. Haientzat ez da derrigorrezkoa euskaraz jakitea eremu euskaldunetan lana egiteko, merezimendu gisa baloratzen baitute euskara oposaketetan. Beraz, salbuespenak salbuespen, ez dute euskara ikasteko beharrik sentitzen. Nahiz eta abokatuek eta bezeroek euskaraz jakin, epaileak edo fiskalak ez badu ulertzen, alferrik da. Hala ere, garrantzitsua da gogoraraztea herritar guztiek dutela eskubidea itzultzailea eskatzeko.

Euskal Herriko herrialde guztietako biztanleek ez dituzte aukera berak izango, ezta?

Hala da. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako herritarrek dituzte eskubide gehien; bai teorian, baita praktikan ere. Nafarroari dagokionez, hiru eremu daude. Iparraldean, adibidez, euskara ofiziala da, eta aitortzen zaizkio zenbait eskumen. Eremu mistoan, hots, erdialdean, euskara ez da ofiziala, baina aitortzen zaizkie eskubide batzuk hiztunei, gutxi badira ere. Nafarroaren hegoaldean, berriz, euskara ez da ofiziala eta, gainera, ez du inolako eskubiderik. Ipar Euskal Herriari dagokionez, egoera berdina da. Izan ere, Frantzian hizkuntza ofizial bakarra dago: frantsesa.

Noren ardura da epaitegietako langileak trebatzea?

Justizia Administrazioa estatuaren esku dago. Hego Euskal Herriaren kasuan, epaileek, fiskalek eta idazkariek, behintzat, Espainiako estatuko deialdietan egiten dituzte oposaketak. Beraz, haiek, askotan, ez dira saiatzen hizkuntza ikasten. Epaitegietako gainontzeko langileek beste presio bat izan dezakete hizkuntza ikasteko, Eusko Jaurlaritzak kudeatzen dituelako zenbait lanpostu. Haiek, ziur aski, errazago ikasiko dute hizkuntza.

Zure txostenean aipatzen dituzu Justizian euskararen normalizazioari begira egin diren ekimenak. Erakunde publikoek sustatutakoak dira?

Bai, gehienak bai. Adibidez, Epaitegietako Agiriak Euskaraz Normalizatzeko batzordea 1996an sortu zen, estatuak Jaurlaritzari agiriak egiteko eskumena aitortu zionean. Hori izan zen lehen urratsa. Orain, Interneten erabilerari esker, agiri guztiak daude euskaraz.

Internetek ateak zabaldu dizkio euskarari esparru honetan?

Zalantzarik gabe. Epainet edo Forulege programak sortu dira, eta horiek garatzea oso zaila litzateke sarerik gabe. Auzia Euskaraz ere hor dago, Jaurlaritzak sustatutako proiektua da, baina bere xedea eragileen parte-hartzea aktibatzea da. Hori oso positiboa dela uste dut. Zerbait indartsua irtengo da hortik, pertsona desberdinak helburu berarekin lan egitea beti da itxaropentsua.

Epaiketa batean guztiek euskaraz jakin arren, batek prozesua gaztelaniaz egin nahi badu, zer egiten da?

Nik kasu horiek ikusi ditudan guztietan, gaztelaniaz egin da epaiketa. Behin, gainera, ikusi nuen epaileak nola ukatu zion herritarrari itzultzailea, gaztelaniaz ulertzen zuela argudiatuta. Berez, hori ezin da egin, baina egun hartan itzultzailerik gabe egin zuten prozesua, gaztelaniaz. Kasu horietan, gainera, akusatua epaileen eta fiskalen menpe sentitzen da; eta, oro har, ez dira ausartzen horrelako eskaerak egiten.

Justizia administrazioa estatuaren menpe badago, zaila da euskara bermatzea, ezta?

Bai. Gainera, epaileen edo fiskalen oposaketak, adibidez, estatuak jartzen dituenez, oso zaila da norberak euskarari garrantzia ematea. Bestalde, estatuari kontra egitea ere oso zaila da; hizkuntza gutxituei buruzko helegiteak beti atzean gelditzen dira, ez diete egiten kasu handirik. Hala ere, Jaurlaritzak eskumen batzuk baditu, baita Justizia sail propioa ere. Beraz, uste dut, apurka-apurka, lana egin daitekeela esparru horretan.

Zure lanean aipatu duzu egoera hobetu den arren, emaitzak epe luzera ikusiko direla. Zer emaitzez ari zara?

Adibidez, 2008-1017ko normalizazio planak aurreikusten du Justiziako langileen %35i eskatzea euskara ziurtagiriren bat. "Aurreikusi" hitza erabiltzen du, beraz, oraindik ez dakigu zer esan nahi duen horrek, ikusi egin beharko dugu. Bestalde, uste dut guztia ez dagoela erakundeen esku, eta hori itxaropentsua da. Profesionalen ardura ere bada epaitegietan euskaraz egiteko konpromisoa hartzea: euskaraz alfabetatutako pertsonak eremu horretan lanean hasten direnean, egoera aldatu egingo da.

Nola baloratuko zenuke Eusko Jaurlaritzaren jarrera erronkaren aurrean?

Pauso batzuk eman ditu, baita Euskal Herriko Unibertsitateak eta IVAP Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak ere. Proiektuak oso positiboak dira, baina gehiago egin dezakete, badituzte horretarako eskumenak eta baliabideak. Gero, agian, zenbait pertsonen eta erakunderen aldetik erreakzio negatiboa izan dezake euskara sustatzearen aldeko erabakiak, baina arriskatu beharko lukete hemengo erakundeek. Gure herrian zuzenbidea ikasi duten pertsona asko daude, euskaraz ondo dakitenak; haiei aukera bat eman beharko litzaieke, euskaldun guztien mesederako.

Kritikoa zara erakunde publikoekin, baina garrantzi handia ematen diozu justiziaren esparruan lana egiten duten pertsonen inplikazioari.

Bai. Ezin gara beti kexaka ibili, herritarrentzat lana egiten dugu, eta haien alde ere zerbait egin behar genuke. Nahiz eta euskara ziurtagiria ez eskatu, euskaraz jakinez gero, profesional hobea izango zara. Justizian parte-hartze txiki bat dutenek, haiek dute gauzak aldatzeko aukera. Euskal komunitate juridikoak ere presioa egin dezake, denon lana da hau.