Udalak eskerrak eman dizkie sanjoanetako ekitaldian parte hartu zutenei

Uztarria.eus 2014ko eka. 24a, 17:13

Mikel Ibarzabal Festa batzordeburuak nabarmendu du "ezinbestekoa" izan dela parte-hartzaileen "laguntza eta borondatea" horrelako ekitaldia prestatzeko. Herritarren erantzuna ere "ezin hobea" izan da, Ibarzabalen arabera.

Azpeitiko Udalak balorazio ona egin du San Joan suaren inguruan atzo, astelehena, egindako ekitaldiari buruz. Mikel Ibarzabal Festa batzordeburuaren hitzetan, horrelako egun "berezia" prestatzeko, "ezinbeztekoa" izan zen parte hartu zutenen "laguntza eta borondatea". Beraz, eskerrak eman nahi dizkie, bereziki, honako taldeei eta herritarrei: Juan de Antxieta Musika Eskolari, Udal Musika Bandari, Julian Barrenetxea Abesbatzari, Emakumeen eta Gazteen antzerki tailerrari, Erniarraitz Berso Eskolari, Dantzakiko dantzariei, Dantza Sueltoko dantzari gaztetxoei, Olatz Prat abeslariari eta antolaketa lanetan ibili ziren lan-taldeei.

Bestalde, herritarren jarrera ona ere aintzakotzat hartu du Ibarzabalek: "Erantzuna ezinhobea izan da, eta ekintza guztiek jaso zuten txalo zaparrada motibazioa da lanean jarraitzeko". Horregatik, aurrerantzean elkarlanean jarraitzeko jarrera adierazi du Festa batzordeburuak, Udalaren izenean.