Iñigo Ibañez Euskal Herriko Eskolarteko Bertsolari Txapelketaren finalean izango da

Uztarria.eus 2014ko eka. 19a, 20:15

Bihar, larunbata, jokatuko dute finala, Orion. Ibañezek bigarren postua lortu zuen Gipuzkoako Txapelketan; eta, beraz, gainontzeko hamar sailkatuekin abestuko du bihar.

Iñigo Ibañez bertsolari azpeitiarrak parte hartuko du Euskal Herriko Eskolarteko Bertsolari Txapelketaren finalean. Lehia bihar, zapatua, Orion izango da, 11:00etatik aurrera. Arabako, Bizkaiko, Gipuzkoako, Lapurdiko, Nafarroako eta Zuberoako hamaika gazte izango dira txapelketako finalean, haien artean, azpeitiko bertsolaria.

Sei zatitan banatuko dute saioa. Agurrez gain, honako probak izango dituzte:

  • Zortziko handian bina bertso. Ofizioko gaian, binaka.
  • Zortziko txikian bina bertso. Ofizioko gaian, binaka.
  • Bakarka bertso bana. Gehienez bost puntuko neurrian. Gaia emanda.
  • Hiruna kopla trikitilarien laguntzarekin. Binaka edo hirunaka, gaia emanda.

Gai jartzeile gisa, Gipuzkoako bertso-eskolako zazpi gazte arituko dira. Epaileei dagokionez, berriz, herrialdeko bakoitzeko pertsona banak egingo du lana.

Iñigo Ibañezek bigarren postua lortu zuen maiatzaren 25ean, Arrasaten, egin zen Gipuzkoako Eskolarteko Bertsolari Txapelketaren finalean. Jon Gurrutxaga Erniarraitz bertso-eskolako lagunarekin joan zen, eta finalaren atarian beraiekin egon zen Uztarria.com.