EH Bilduk modu positiboan baloratu du herri galdeketan 3.573 pertsonek boza eman izana

Uztarria.eus 2014ko eka. 17a, 18:52

Talde politikoak adierazi du plaza oinezkotzearen aldeko hautua nabarmena izan dela, eta jakinarazi du Alde Zaharraren biziberritzean aurrera egiteko "konpromiso osoa" dutela.

Azpeitiko EH Bilduk "oso modu positiboan" baloratu du plaza berritzearen inguruko herri galdeketan 3.575 azpeitiarrek botoa eman izana. Talde politikoaren hitzetan, "egokiagoa" litzateke herritar gehiagoren ahotsa entzutea, baina botoen kopurua ez da "makala" izan, herri galdeketa egiten den lehen aldia izateko. Beraz, aurrera begira, eredu parte-hartzailearekin jarraitu nahi dute, hobekuntzak eginda.

Emaitzei dagokionez, EH Bilduko ordezkariek jakinarazi dute herritarren gehiengoak, EH Bilduk bezala, Alde Zaharraren biziberritzea ardatz garrantzitsutzat duela. Izan ere, bozkatzera joan diren herritarren %66k egin du oinezko plazaren alde. Hori dela eta, talde politikoak esan du bide horretan lanean jarraitzeko eta Alde Zaharra sustatzeko "konpromiso osoa" duela. Bestalde, aipatu dute "argia" izan dela kioskoaren aldeko jarrera ere .

Proiektuei dagokionez, ordea, "berdinketa teknikoa" egon dela adierazi dute. Bozkatu duten herritarren %86k hautatu du lehen edo bigarren proiektua, baina bigarrenak irabazi du boto baten aldearekin. Horrenbestez, EH Bilduren ustez, datu horiei erreparatuta, "herritarren gehiengoaren nahia" ahalik eta ondoen ase beharko luke datozen egunetan osatuko den jarraipen batzordeak.

Horrez gain, nabarmendu dute herritarrek "modu egokian" eztabaidatu dutela galdeketari buruz, eta ariketa hori "inongo arazorik gabe" egin dela. Bide horretatik jarraitu nahi du Azpeitiko EH Bilduk. Taldearen iritziz, herri galdeketa "korapiloak askatzeko tresna baliagarria" dela ikusi delako.