Aldaketaren ariketa

Uztarria.eus 2014ko eka. 13a, 12:21

Aurrenekoz egingo da herri galdeketa Azpeitian. Eneko Etxeberria alkatearen esanetan, "lehenengo pausoa" izango da hau, eta "ikasteko balioko" duela uste du.

 

Herritarren parte hartzerako araudia onartu zela urtebete pasatxo denean –joan den urteko ekaineko udalbatzarrean onartu zen Bilduren aldeko bozkekin; EAJ eta Hamaika bat abstenitu egin ziren– egingo da historiako lehen herri galdeketa Azpeitian.

Aurretik sekula ez  da gisa horretako galdeketarik egin herrian. Eneko Etxeberria alkateak  azaldu duenez, lehenago ez dute egin galdeketen kulturak "egitura, metodoa eta denbora" behar dituelako, eta ezin delako "libreki galdetu". Dena den, aurretik “iritzi oso kontrajarriak dituen elementurik” ez dutela ikusi ere aitortu du: "Plaza berritu beharra zegoen. Ikusten genuen ez ginela gai eragile desberdinak ados jartzeko, gatazka zegoela eta ez ginela elkar konbentzituko. Horregatik egingo da galdeketa". Udaleko hiru alderdiek erabaki zuten galdeketa egitea.

Bi arrazoi

Plaza eraberritzearen inguruko galdeketa egiteko bi arrazoi nagusi daudela dio Etxeberriak: "Arrazoietako bat oso konkretua da. Interes desberdinak tarteko, talka zegoen eragileen artean. Horren aurrean ez da erraza erabaki bat hartzea, eta erabakitzeko moduari dagokionez hiru aukera genituen; udal gobernuak erabakitzea, udaleko alderdiekin adostasuna lortzea edo galdetzea. Bestalde, bazen egiturari lotutako arrazoi bat ere. Kultura politikoan aldaketa ematea beharrezkoa dela uste dugu, eta herria ondo kudeatzeaz eta ahal den erabaki onenak hartzeaz gain, ordezkaritza sistemak eta demokrazia sistemak hobetzeko erantzukizuna daukagu".

Etxeberriaren aburuz, "kultura politikoan aldaketa" ekarriko dute galdeketek: "Demokrazia zuzenaren, parte-hartzezkoaren, aldeko apustu erreala da. Lehenengo esperientzia da hau, lehenengo pausoa, eta ikasteko balioko du, gehiago etorriko direlako. Denok ikasten dugunean, edozer galdetzeko aukera izango da, eta Azpeitian beste modu bateko politika egingo da".

Loteslea

Ordenantza onartu zutenean Azpeitiko alkateak esan zuen, kontsulta eta galdeketen emaitzak "legez ez direla lotesleak", baina "konpromiso politikoz, betebeharrekotzat" joko zituztela. Orduan esandakoari jarraituz, "emaitzarekin bat" egingo dutela azaldu du: "Esanda gaude lotesle egingo dugula galdeketa, eta emaitzak geure egingo ditugula".

"Gure papera da prozesuari bermea ematea. Herritarrek erabakiko dute, eta onartu egingo dugu ateratzen dena ateratzen dela", esan du.

Galdeketa gehiago

Herri kontsulta gehiago egingo diren ala ez zehaztu gabe dutela adierazi du Etxeberriak, baina "ez gaude itxita", dio: "Ekainaren 13koa, 14koa eta 15ekoa aurreneko esperientzia izango da. Hau egingo da, eta ikusteko dago gehiago etorriko diren. Esperientzia hau ikusi beharko da aurrena".

Etxeberriak dioenez, "gauzak galdetzea" ez dago udal gobernuaren esku soilik. "Herritarrak etor daitezke esanaz ez dakit zer galdetu behar litzatekeela, edo bil dezakete galdeketa egiteko eskatzeko sinadura kopuru bat. Hala ere, zenbait alorretan ez du eskumenik Udalak. Besteak beste, gizarte zerbitzuetan, errepideetan, ingurumenean, Lanbiden... Eta gauza horien gainean ezingo genuke egin galdeketarik".