'Nolakoa' da galdera

Uztarria.eus 2014ko eka. 13a, 12:15

Uztarria herri aldizkariaren azaroko zenbakia Uztarria.com-en irakurgai dago jada, PDF formatuan (hemen). Aldizkariaren 162. zenbaki horretan plaza nola eraberritu erabakitzeko gaurtik igandera egingo den herri galdeketaren nondik norakoekin-eta osatutako erreportajea ekarri dugu hona.

Herriak bezala, historia luzea du Azpeitiko plazak ere. Itxuraldaketak, erabilerak eta izen aldaketak bat baino gehiago ezagutu ditu aspalditxoko urteetan Enparantza Nagusia bezala bataiatuta ezagutzen dugun guneak. Izarraitz aldera udaletxea eta Urola ibai aldera azoka plaza muga dituela, lau aldeetatik ia osorik arkupez inguratuta eta erdi-erdian kioskoa duela ezagutu dute gaur egungo belaunaldi ezberdinetako azpeitiar guztiek. Baina herriko plazaren itxura aldatzera doa eta, gainera, itxura berriaren nondik norakoak zehazteko moduan izango dira azpeitiarrak.

2011ko udal hauteskundeen ondoren Udalean ordezkaritza lortu zuten hiru alderdiek –Bildu, EAJ eta Hamaikabat– beren hautes-programan jasoa zuten plaza eraberritzeko asmoa. 2014ko aurrekontuetan asmo hori gauzatzeko diru-poltsa onartu zuen Udalak eta, joan den maiatzeko ohiko udalbatzarrean, aho batez onartu zuten udal hautetsiek plazaren eraberritzeari ateak irekitzea. Ez zen, ordea, ohiko erabakia izan, plaza nola eraberritu erabakitzeko herri galdeketa egitea onartu baitzuen Udalak. Horrela, gaurtik igandera, ekainaren 13an, 14an eta 15ean, 16 urtetik gorako azpeitiarrek Udalak aukeran jarri dituen hiru proiektuen artean gustukoena zein duten bozkatu ahal izango dute, kioskoa mantentzea edo kentzea nahi duten, eta plaza oinezkotzea nahi al duten ala ez.

Azken galdera horren bueltan, plaza oinezkotzearen gainean, sortu da bereziki eztabaida. Alde Zaharreko merkatari ia guztiek bat egin dute plazaren balizko oinezkotzearen kontra, eta iritzi kontrajarriak plazaratu dira han eta hemen. Uztarriak merkatari, tabernari eta bizilagun banaren iritziak jaso ditu. Guztiak datoz bat plazaren eraberritzea gauza ona izango dela esaterakoan. Eraberritzeak nolakoa izan behar duen, hor dago koxka.

Luis Alberdi (dendaria)

"Galdeketa orokorra egitea, pertsonalki, ez zait ondo iruditzen. Sanjuandegin, Landetan edo Loiolan bizi direnak ados egongo dira, nik uste, hau ixtearekin. Baina haiek ez dute hemengo egoera ikusten. Uztarrian irakurri dut jendeak esaten duela astebukaeretan jendea ibiltzen dela. Baina, astelehenetik ostiralera, zergatik ez dira etortzen eta ikusi, ea zein ibiltzen den hemen? Ordubatean ixten dituzte kaleak eta goizeko zortziak arte ez dituzte irekitzen. Eta inor ez da ibiltzen.

Seguru nago galdeketan plaza oinezkotzea aterako dela, gehiengoa ez delako jartzen gure egoeran. Galdeketan oinezkotzearen alde egingo duten guztiei beste galdera bat egingo nieke: zergatik ez oinezkotu anbulatorio paretik hasita, edo Sanjuandegitik hasita? Egin dezagun galdeketa, herri mailan. Sei hilabetez dena oinezkotuko dugu eta nahikoa toki izango dugu. Ea jendeak zer erantzuten duen.

Soreasu alferrik galduta dago eta bizitza eman behar zaio. Zerbitzu gehiago behar ditugu. Musika eskola ekarri daiteke, adibidez, zergatik ez? Hemendik dena kentzen baduzu, ezer ez dago. Neuri ez litzaidake gaizki irudituko kaleak ixtea, baina jendea ibiliko balitz. Lehendabizi jendea erakarri behar duzu, eta gero itxi, nahi baduzu. Lur-azpiko aparkalekua aipatzen dute, baina non daude parkingaren berri ematen duten seinaleak? Zestoa aldeko sarreran bakarrik dago seinaleztatuta. Gu aspalditik ari gara eskatzen herrian zehar seinale gehiago jartzeko. Hiru urte daramatzat dendan, eta tarte horretan ez dut seinale bat gehiago ikusi".

Iñaki Zubizarreta (tabernaria)

"Galdeketa oso ondo iruditzen zait. Uste dut udal guztiek horrelako gehiago egin beharko lituzketela; zaborrenak eta, horiek ere galdetu egin beharko lirateke.

Gauza asko egin dira Alde Zaharrean, baina plazari tokatu egiten zitzaion ja. Utzita zegoen, bai plaza eta bai azoka plaza. Ez negozioa dudalako soilik, azpeitiar bezala, plazak beharra du. Beste herrietan kristoren plazak ikusten dira, eta hemengoa aparkalekua da.

Niri oinezkotzea ondo iruditzen zait, Alde Zaharreko bizilagun bezala eta ostalari bezala. Uste dut merkatariei eta ostalariei izugarrizko mesedea egingo digula. Obrekin sufritu egin beharko dugu, baina bukatutakoan buelta etorriko da, eta onera egingo du egoerak. Jendea lasai ibiltzen da auto gabeko tokietan; bai erosketak egiten, bai tragoa hartzen eta bai umeekin. Horrek asko balio du. Gainera, hemendik kanpo, ondoen funtzionatzen duten dendak-eta dira oinezkotutako tokietakoak. Ulertzen ditut dendarien beldurrak. Azpeitian denok saltzen dugu gutxiago, baina ez oinezkotu edo ez oinezkotzeagatik, dagoen egoeragatik baizik. Duela bospasei urte berdin izango zen zer egiten zen, baina orain dagoen egoerarekin jendea beldurrez dago. Normala da, hortik bizi gara-eta, baina ni baikorra naiz eta uste dut hobea izango dela denontzat. Gauza berriak asmatu behar ditugu eta jendea erakarri. Ez dendan edo tabernan egon eta ‘etorriko dituk’ pentsatu. Gauzak jarri, ekimen berriak... egin beharko ditugu. Donostian ere horrela ibili omen ziren, dendariekin eta ostalariekin, eta bi urterako aitortu zuten jende gehiago ibiltzen zela. Jendea horrelako tokietan ibiltzen da. Nik horrela ikusten dut".

Ramon Lamariano (plazako bizilaguna)

"Plaza eraberritzea beharrezkoa zela uste dut, eta oinezkotzea ere ezinbestekoa iruditzen zait. Plaza batek bizitza eduki behar duela iritzi diot, eta bizitza hori ez dela lortzen 60 kotxe aparkatuta edukita. Plaza batek bizitza izatea lortzen da terrazak edukita, umeek bertan jolas egiteko aukera edukita...

Plaza eraberritzeak eta oinezkotzeak, era berean, aparkalekuen arazoari irtenbidea ematea eskatzen du; suposatzen dut horri buru buelta batzuk ematen ariko direla. Zentzurik edukiko ez lukeena da plaza oinezkotzea eta, gero, bertako jendeak asteko erosketarekin edota ume txikiekin tren geltokitik haraino joan behar izatea. Bizilagunok orain ere ez daukagu inongo erraztasunik plazan aparkatzeko. TAO jarri zutenetik esan eta esan aritu gara, urtekoa ordainduko dugula eta bizilagunen txartela eskuratzea aukeran jartzeko. Suposatzen dut, horrelako obra bati ekinda, urteetako arazo horri ere irtenbideren bat emango diotela.

Eredu zehatz baten gaineko ideia garbirik ez daukat. Garbi ikusten dudana da plaza irekia izan behar dela, kiosko gabea, dinamikoa, eta oinezkotua. Badakit oso zaila dela denen nahia egitea. Plaza denen zerbitzura dagoela oso ondo ulertzen dut, baina horrek ez du esan nahi bertako jendeak izorratuta egon behar duenik".

Hiru galdera, hiru proiektu

Erantzun beharreko galderak hiru dira: plaza oinezkotu bai ala ez; kioskoa mantendu, bai ala ez; eta, aukeran dauden hiru proiektuetatik zein duten gustukoen.

Lehenengo galderan plaza oinezkotzea erabakiko balitz, enparantza itxi egingo lukete autoentzat. Udal ordezkariek azaldu dutenez, plazan egun dauden 75 aparkamentuak kendu eta plazako baldintza berdinetan (20:00etatik 09:00etara doan, eta bestela orduko 0,50 euro)150 aparkaleku izango dira Soreasuko lur-azpiko parkingean.

Plaza oinezkotzeak trafikoan ere eragingo du, baina orain arteko moduan, goizetan, autoz ibili ahal izango da Alde Zaharrean. Aldatuko dena da, plazara ezingo dutela sartu kotxeek. Dena den, eragileekin bilerak egingo dituztela aurreratu dute udal ordezkariek, eta han erabakiko dutela trafikoarentzat itxita dagoenean zer sistema jarriko duten Alde Zaharreko bizilagunentzat eta.

Bigarren galdera kioskoaren ingurukoa izango da. Kioskoa mantentzearen aldeko bozkak kentzearen aldekoak baino gehiago badira, kioskoa eraberritu egingo dute, dagoen moduan ezin delako mantendu.

Hirugarren eta azken galdera plaza nola eraberritu zehaztuko duena izango da. Herritarrek hiru arkitektura estudiok egindako proiektuen artean hautatu beharko dute.

Bozka gehien jasotzen duen proiektua hartu eta moldatu egingo dute, aurreko bi galderetan atera den emaitzaren arabera eta, udal ordezkariek esan dutenez, jarraipen batzorde bat osatuko da galdeketaren ostean.

Plaza eraberritzeko lanak abuztuan edo uda ostean hastea aurreikusten du Udalak.