Plaza argazkitan, herri galdeketaren atarian

Uztarria.eus 2014ko mai. 30a, 12:49
IƱaki Portilla eta Mikel Ibarzabal zinegotziak, eskegi dituzten argazkien aurrean.

Plazako hainbat argazki eskegi ditu Udalak arkupeetako zutabeetan, plaza eraberritzeko egingo den herri galdeketaren atarian. Plazako eraberritzeko lanak hasten direnean, aldamioetan eskegiko dituzte irudi horiek.

Udalak plazako hainbat argazki jaso eta Plaza bizia erakusketa osatu du. 14 argazki jarri dituzte plazako arkupeetako zutabe desberdinetan, eta beste zenbait jarriko dituzte datozen egunetan Erdi Kaleko erakusleiho hutsetan. Plazako lanak hasten direnean, tokiz mugituko dituzte irudiak, eta aldamioetan eskegiko dituzte. Argazkiak Uztarria Komunikazio Taldeak eta Eregik, Azpeitiko Argazki Elkarteko kideek eta Imanol Elias zenak utzitakoak dira. 

Herriko plaza eraberritzeko egingo den herri galdeketaren harira eskegi dituzte plazako argazkiak. Udaleko ordezkariek azaldu dutenez, "plaza historikoki gune bizia eta herritarren topalekua izan da, eta elkarren artean izaera hori berreskuratu dezakegu". 

Herritarrei galdeketan parte hartzeko deia egin diete Iñaki Portilla eta Mikel Ibarzabal zinegotziek: "Plaza guztion artean berritu eta bizitzeko aukera daukagu, eta horretara gonbidatu nahi ditugu herritarrak. Herri galdeketan parte hartuz denon artean berrituko dugu plaza".