Ingurumenaren astea hasiko da ostiralean

Uztarria.eus 2014ko mai. 29a, 19:04
Ingurumenaren astearen kartela.

Ingurugiro Etxea Museoak antolatu du, eta maiatzaren 30ean hasi eta ekainaren 8an amaituko da. Ostegunean, maiatzaren 5ean, Ingurumenaren Mundu Eguna ospatuko da, eta gainontzeko egunetan hainbat ekitaldi egingo da.  

Ekainaren 5ean, ostegunean, Ingurumenaren Mundu Eguna dela-eta, Ingurugiro Etxea Museoak ingurumenaren astea antolatu du. Ostiralean, maiatzaren 30ean hasiko da eta ekainaren 8an, igandean, amaituko da. 

Aste osoan zehar, ostiraletik igandera, erakusketa egingo dute Azpeitiko ikasleek material birziklagarriekin egindako eskulanekin. Betharram aretoan egongo da erakusketa ikusgai, astegunetan, 18:00etatik 20:00etara; eta asteburuan, 12:00etatik 14:00etara.

Ingurumenaren Mundu Egunean, ekainaren 5ean, Aurreztu etxean, energia gutxiago kontsumituz hitzaldia eskainiko du Tinko STSko Joseba Garmendiak, Ingurugiro Etxea Museoan. 19:00etan hasiko da, eta zenbait jarraibide praktiko emango ditu energiaren erabilera arduratsurako eta aurrezpenerako. 

Ekainaren 6an, ostiralean, landareen ugalketaren inguruko tailerra antolatu du museoak, 17:30etik 19.00etara. Hartu eta Ugaldu izena izango du, eta Lehen Hezkuntzako ikasleei zuzenduta izango da.

Amaitzeko, Energiaren Festa ospatuko dute larunbatean, ekainaren 7an. Haurrentzako tailerrak eta erakusketak izango dira museoan, 11:00etatik 14:00etara. Bertan, aukera izango da eguzki energiarekin ibiliko den kotxea egiteko eta eguzki sukaldean egindako txistorra eta txanpinoiak dastatzeko.