Azpeitia 'fracking'-aren mehatxupean dagoela salatu du Eguzki talde ekologistak

Uztarria.eus 2014ko mai. 27a, 12:26

Eguzki talde ekologistak esan duenez, "hainbat herritan esplorazio baimenak eman dituzte, eta beste hainbatetan eskaerak eginda daude; hala nola, Azpeitian". Azpeitian fracking-aren kontrako sinadura bilketa hasi dute, eta bihar, asteazkena, Gasland dokumentala emango dute Gaztetxean.

Azpeitia eta Urola bailarako beste herri batzuk (Azkoitia eta Zestoa, esaterako) fracking-aren mehatxupean daudela salatu du Eguzki talde ekologistak. Taldeko kideek jakinarazi dutenez, joan den astean Gipuzkoako Batzar Nagusietako Ingurugiro Batzordean izan ziren fracking-aren arriskuez hitz egiten, eta "harrituta" gelditu ziren "batzarkide gehienek ez zekitelako fracking egiteko esplorazio baimenek Gipuzkoako zenbat herriri eragiten dioten".

Eguzkikoek esan dutenez, "Gipuzkoan ere eman dira esplorazioak egiteko baimenak, eta beste zenbait tokitan baimenak lortzeko eskaerak ere egin dituzte". Esplorazio baimenak eman dituzte Leintz-Gatzagan, Eskoriatzan eta Gipuzkoako eta Arabako Patzuergo Orokorrean, eta beste hainbat dira eskaerekin mehatxatutako udalerriak. Hala nola, Azpeitia. 

Fracking-a edo haustura hidraulikoa lurpean diren arbel eta eskistoetatik gasa lortzeko teknika da. Horretarako, milaka metroko zuloak egiten dira lurrean, eta zulo horietan ura, hondarra eta produktu kimiko batzuk sartzen dira, presio handian. Horrek, gasa lortzea ahalbidetzen du. 

Eusko Legebiltzarrak fracking-a debeka dezan Herri Ekimen Legegile bat abian da. 30.000 sinadura behar dituzte, eta Eguzkikoek esan dutenez, erdiak jaso dituzte dagoeneko. Azpeitian ere ari dira fracking-aren kontrako sinadurak jasotzen. Orkatzen dago horretarako aukera, eta ostiral eta zapatu arratsaldean, Sanjuandegin ere egingo dute sinadura-bilketa.

Dokumentala asteazkenean

Bihar, asteazkena, Estatu Batuetan fracking-ak eragin dituen ondorio latzak ezagutzeko aukera izango da Gaztetxean. Gasland dokumentala emango dute, 21:00etan hasita.