Plaza nola eraberritu erabakitzeko herri galdeketa egingo dute

Uztarria.eus | Herria | Artikulua
2014-05-07 10:32

Ekainaren 13an, 14an eta 15ean izango da, eta hauteskundeen itxura izango du. 16 urtetik gorako herritar orok izango du parte hartzeko aukera, eta hiru galdera erantzun beharko dituzte.

Plazaren egungo itxura.  Ikusi haundiago | Argazki originala

Plaza nola eraberritu erabakitzeko herri galdeketa egitea onartu zuten atzo, asteartea, alderdi guztiek aho batez, maiatzeko udalbatzarrean. Bilkuraren ostean agerraldia egin zuten alderdietako ordezkariek, eta Aitor Aranguren Hamaikabateko zinegotziak azaldu zuenez, "plaza zahartu egin da, eta berritu gabe dago urteetan. Udalak erabaki du berritzea, indartu eta eguneratzea. Herriko plaza bizia, dinamikoa eta gaurkotua nahi dugu, azpeitiarren topaleku izaera berreskuratu eta indartzeko, eta herriko Alde Zaharrak zaharretik gutxi eta bizitik asko izatea nahi dugulako".

Azpeitian aurrenekoz egingo da gisa honetako herri galdeketa, eta ekainaren 13an, 14an eta 15ean izango da. Herritarrek hiru galdera erantzun beharko dituzte bozka ematerakoan: plaza oinezkotu bai ala ez; kioskoa mantendu, bai ala ez; eta, aukeran jarriko dituzten hiru proiektuetatik zein duten gustukoen.

Aitor Gorrotxategi jeltzaleen bozeramaileak esan zuenez, "galderek errazak izan behar dutela argi genuen. Horregatik, plaza oinezkotu ala ez, kioskoa kendu ala mantendu eta eraberritu, eta aukeran jarriko diren hiru proiektuetatik zein den gustagarriena galdetuko da". Plaza eraberritzeko azpeitiar arkitektoek egindako sei proiektu jaso ditu Udalak, eta horietatik hiru soilik izango dira aukeragai, "beste hirurak teknikoki ez direlako egingarriak".Izan ere, eraberritzeko proiektuak eskatzerakoan, besteak beste, sokamuturra, azoka eta danborrada kontuan hartzeko eskatu zuen Udalak. Proiektuak aurki jarriko dituzte ikusgai erakusketa batean, baina oraindik ez dituzte zehaztu datak.

"Ahalik eta herritar gehienek parte hartzea" da Udalaren erronka eta "horretan ahalegin berezia egingo" dutela azaldu zuten: "Proiektuen aurkezpenak egingo dituzte proiektuak egin dituzten arkitektoek herriko hainbat gunetan; bizilagun, eragile eta elkarte ezberdinekin bilerak egingo dira... Informazioa etxez-etxe ere banatuko da, herritar orok bere iritzia emateko beharrezko informazio osoa izan dezan".

16 urtetik gorako azpeitiar guztiek izango dute bozka emateko aukera, eta udal ordezkariek aurreratu dutenez, "hauteskundeen itxura izango du herri galdeketak". Hautesontziak herriko ohiko tokietan jarriko dituzte, eta herritarrek hiru egun izango dituzte bozka emateko. Eneko Etxeberria alkateak "kontaketa gardentasun osoz egin, emaitzak onartu eta plaza berrituko" dutela azaldu zuen: "Elementu garrantzitsua da plaza, eta herritarrek parte hartu behar dute erabakitzerakoan. 2014ko aurrekontuetan 500.000 euro daude eraberritze lanetarako aurreikusita, eta behin galdeketa eginda, berehala hasiko ditugu berritze lanak".

Azpeitian lehenengo aldiz egingo da herri galdeketa.

Informazio gehiago

Bidali:  

Erantzunak

Erabiltzailearen aurpegia Enekoitz Esnaola | 2014-05-07 : 12:23

Kioskoa bai ala ez izango dela-eta herri kontsultako galdera bat, Uztarria aldizkariak 2000ko urtarrileko zenbakiko inkesta gai horrekin egin zuen. Xabier Etxeberria 'Txapi', Aitor Bidezabal, Jon Odriozola eta Aitor Priya izan ziren erantzuna eman zutenak. Inkestaren egilea: Igor Aramendi. Hemen: http://uztarria.com/herri_aldizkaria/2000/03/In...

Erabiltzailearen aurpegia jardune | 2014-05-08 : 07:36

bazan ordue herri hontan galdeketa bat eiteko.
Eta plazie arreglatzekore.

Erabiltzailearen aurpegia hauhalaxedek | 2014-05-08 : 10:04

arrazoie....ta parte zarreko kaliek trafikuei ixtie ere bai....

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa