ELAk Corrugados Azpeitia eta Lasaoko jarduera bermatzeko eskatu dio Gallardo Taldeari

Uztarria.eus 2014ko mai. 6a, 14:00

Gallardo Taldeak joan den asteartean birfinantziazio akordioa erdietsi zuen banku hartzekodun nagusiarekin eta kapital arriskuaren erakunde Kohlberg Kravis Robertsekin (KKR), taldearen "bideragarritasuna bermatzeko". Hori dela-eta, ELAk bilera eskatu dio Gallardo Taldeari, "Corrugados Azpeitia ireki dezan eta Corrugados Lasao lantegiak bere osotasunean lan egin dezan eskatzeko"

Gallardo Taldeak joan den asteartean birfinantziazio akordioa erdietsi zuen banku hartzekodun nagusiarekin eta kapital arriskuaren erakunde Kohlberg Kravis Robertsekin (KKR), taldearen "bideragarritasuna bermatzeko". Gallardo Taldeak azaldu duenez, akordioari esker "taldearen jarduera nagusian, siderurgian eta metalgintzan, zentratu" ahal izango dute.

Horren aurrean ELA sindikatuak oharra plazaratu du, eta Gallardo Taldeari Corrugados Azpeitia eta Lasaoko lantegien jarduera "bermatzeko" eskatu dio. "Gallardo Taldeak esan duenez, taldearen epe luzerako bideragarritasuna ziurtatu du akordioak, eta siderurgian eta metalgintzan zentratuko du bere jarduera. Hori dela-eta, bilera eskatzen diogu Gallardo Taldeari, Corrugados Azpeitia ireki dezan eta Corrugados Lasao lantegiak bere osotasunean lan egin dezan eskatzeko", azaldu dute. ELAren ustez, "bi lantegi horien jarduera berrartzeak arnasa emango lioke Urola Kostari".