Infantil nesken Azpeitia Cup txapelketak hartuko du bihar Garmendipe

Uztarria.eus 2014ko api. 30a, 16:11
Azpeitia Cup-en antolatzaile, babesle eta laguntzaileak gaur, asteazkena, egin duten aurkezpenean, Sanagustin kulturgunean.

09:00etan hasiko dira partidak, Garmendipeko zelaietan. 21 taldek eman dute izena, goiz nahiz arratsalde izango dira neurketak. Finala, 19:00etan hasiko da. Partiden ordutegi guztiak, hemen.

Infantil nesken Azpeitia Cup txapelketako jokatuko da bihar, maiatzak 1, Garmendipe futbol zelaian. Aurrenekoz hartuko dute parte neskek txapelketa horretan, eta Mikel Rodriguez Azpeitia Cup-eko presidenteak esan duenez, "harro egon gaitezke, Euskal Herriko infantilen txapelketa onena izango delako biharkoa".

Gaur, asteazkena, egin dute Azpeitia Cup txapelketaren aurkezpen ekitaldia, Sanagustin kulturgunean, eta bertan izan dira, Iraurgi ikastetxeko, Udaleko, Halcon bidai agentziako eta Gipuzkoako Futbol Federazioko ordezkariak nahiz Eguzkiñe Peña Realeko jokalaria. Manuel Unanue Udaleko kirol batzordeburuak nesken txapelketa antolatzea "pauso handia" dela adierazi du. Ildo beretik hitz egin du Eguzkiñe Peñak, eta nesken txapelketa antolatzeko bazela garaia esan du: "Ez da neskentzako txapelketa garrantzitsurik, eta gora iristeko bidea egin egin behar da. Futbola baino gehiago da txapelketa, lagunak egin eta lotura handia sortzen delako". Iraurgi ikastetxeko zuzendari Maje Agirrek ere beste urteetan berdintasunari zegokionez "hutsunea" egon dela esan, eta "hezkuntzan balioak lantzeko kirola ezinbestekoa" dela azaldu du. Gipuzkoako Futbol Federazioko Ramon Azkaratek "neskak eta mutilak maila berean jartzen saiatu" behar dela gaineratu du.

Biharko nesken txapelketarako 21 taldek eman dute izena, eta horien artean dira, Lagun Onak, Anaitasuna, Reala eta Athletic. Txapelketa lau taldeko bost multzotan egingo da, eta klasifikazio partidak goizean, 09:00etatik aurrera, jokatuko dituzte. Arratsaldean, berriz, final-laurdenak eta finala (19:00) jokatuko dituzte. Hemen partiden ordutegia.

Handienak ekainean

Joan den asteburuan jokatu zen alebin mutilen Azpeitia Cup txapelketako aurreneko fasea, eta Zumaiako, Logroño, Aurrera Ondarroa eta Lengokoak A sailkatu ziren ekainaren 13an, 14an eta 15ean jokatuko den bigarren fasera. Real Madrid, Barcelona, Athletico Madrid, Athletic, Sevilla, Reala, Villarreal, Espanyol, Valentzia, Levante, Zaragoza, Rayo, Celta, Malaga, Osasuna, Getafe, Betis eta Alaves arituko dira lau horiekin batera. Mikel Rodriguez Iraurgi Cup-eko presidenteak azaldu duenez, "atzerriko taldeak ekartzeko lanean ari gara".

Antolatzaileek esan dutenez, guztira 3.000 lagunek hartuko dute parte txapelketan, eta "egoera ekonomikoa ikusita", murrizketak egin dituztela ere azaldu dute. Hala nola, parte-hartzaile guztiak autobusez etorriko dira Azpeitira, eta talde batzuk autobus berdinean egingo dute bidaia. 

Manuel Unanuek eskerrak eman dizkie Azpeitia Cup-en antolatzaileei, "Azpeitia futbolaren erreferentzia bilakatzeagatik".