Emakumeaz eta literaturaz ariko dira gaur, Emakumeen Txokoan

Uztarria.eus 2014ko api. 30a, 12:03

Lasartek, Mintegik, Arkotxak eta Irastortzak mahai-inguru bat eskainiko dute gaur, asteazkena, 19:30etik aurrera. Urola Kostako Hitza-k parte-hartzaileekin hitz egin du.

Emakumeen Txokoak eta Azpeitiko Udal Liburutegiak elkarlanean antolatutako mahai inguru bat izango da gaur, 19:30ean, Emakumeen Txokoan. Liburutegiaren 50. urteurrenaren harira antolatutako egitasmoen barruan egingo dute. Euskal literatura eta generoa hizpide izango dituzte bertan euskal literaturako lau luma esanguratsuk: Gema Lasartek, Laura Mintegik, Aurelia Arkotxak eta Tere Irastortzak. Oihana Elduaien kazetari azpeitiarrak gidatuko du mahai ingurua. Emakume bezala literaturari zer eman eta bertatik zer hartu duten azalduko dute idazleek, eta generoaren ikuspegitik egile bakoitzak izan duen esperientzia ezagutu ahal izango dute entzuleek.

Mahai inguruan izango diren lau emakumeek, beste hainbat idazle emakumezkorekin batera, Jakin aldizkariaren zenbaki monografiko bat egin zuten 1987an, Emakumea eta literatura. Ia 30 urte geroago, emakume haietako batzuk elkartuko dira gaur, eta bakoitzak hiru hamarkada hauetan izandako esperientzia eta emakumeak literaturan izan duen eboluzioaz ariko dira.
Gema Lasarteren iritziz "nabaria da duela 30 urtetik hona egon dela aurrerapena". Hori erakusten duten datuak badirela uste du: "Jakin-eko ale hartan parte hartu zuen Mariasun Landa, esaterako, euskal literaturako idazlerik esanguratsuenetakoa da eta Euskal Herritik kanpo emakumezko idazle ezagunena da, eta horrek jada erakusten du aurrerapena badagoela". Euskal literaturari gehitu zaion belaunaldi berria ere "oso indartsu" datorrela dio eta, batez ere, saiakeran emakumeek duten presentzia asko hazi dela uste du. "Dena den,  gaur egun %15 soilik dira emakumezkoak euskal literaturgileen artean eta, beraz, asko dago oraindik egiteko", dio Lasartek.

Urola Kostako Hitza-k Laura Mintegi idazlearekin hitz egin du, eta elkarrizketa irakurtzeko egin klik hemen.