Gizakiaren uneak, zuri-beltzean

Urola Kostako Hitza 2014ko api. 29a, 12:30
Erakusketako lan bat.

Hamalau kuadro, arkatzez eginak, zuri-beltzean; eta gizakia, bere ohiko gauzetan: kafea hartzen, paseoan, itsasoari begira… Une jakin batean hartutako irudiak dira. Horixe da Julian Ruiz artista azkoitiarraren azken erakusketa: Uneak.

Betharram aretoan daude ikusgai haren azken lanak, maiatzaren 11ra bitartean. Erakusketaren bidez, orain artekoa alboan utzi du artistak, eta teknika eta motibo berrietara jo du; arkatz eta pertsonengana. Koloreekin egin izan du lan Ruizek. Batez ere akuarelaz eta oleoz margotu izan du; "oso gutxi landu izan dut arkatza". Zuri-beltzean lan egiteko gogoa zuela eta, teknika horretara jo du azkoitiarrak bere azken erakusketa osatzeko; "ez da oso ohikoa lapitzarekin lan egitea, beharbada ez direlako saltzeko errazak, edo artistak ez direlako horretan aritzen".

Pertsonengana ere jo du oraingoan Ruizek; "ez nuen natura hilak lantzerik nahi. Kaleak, ateak eta halako leku estatikoak margotzea baino, bizia zutenak jorratu nahi nituen". Horregatik, gizakia guztiaren ardatzean jarri du; "publikoari gehiago eragiten diote halako irudiek". Pertsonak dira protagonistak, baina hiriko motiboak landu ditu; Azkoitian, Madrilen, Bartzelonan, Donostian, nahiz Tunizian atera ditu argazkiak, eta bilduma horietatik abiatuta marraztu ditu gero. "Pertsonen egunerokotasuna islatu nahi izan dut. Horiek dira momentuak. Gauden lekuan gaudela ere, guztiok gauza berdinak egiten ditugu". Azkoitikoak, esaterako, lau kuadro inguru dira, eta panderoa eta dultzaina jotzen agertzen dira.

Erreportajea osorik Urola Kostako Hitza-ren webgunean.