'Uneak' marrazkitan

Uztarria.eus 2014ko api. 25a, 12:47

Atzo, osteguna, itxi zituen ateak Azpeitiko Argazki Elkarteak antolatuta Betharrametan ikusgai izan den Argizaiola erakusketak. Gaur, ostirala, beste erakusketa batek hartuko ditu Betharrametako hormak. Izan ere, Julian Ruizen Uneak erakusketa izango da ikusgai maiatzaren 11 bitartean.

Ruizek azaldu duenez, bere erakusketa "pertsona desberdinek leku desberdinetan egiten duten eguneroko bizitza eta jarduna islatzen duten marrazkiek osatzen dute. Bartzelonan, Tunezen, Donostian eta beste hainbat lekutan jasotakoak dira, nahiz eta leku horiek ez diren ikusten, pertsonaren irudia bakarrik marraztu eta fondoa zuriz utzi dudalako. Horrek zer pentsatua ematen digu, erakutsiz unea bera dela garrantzitsua, eta leku fisikoa desagertu egiten dela. Beste zenbaitetan, berriz, fondo hori agertu egiten da, eta horrela, lekuak garrantzia irabazten du pertsonen irudiaren aurrean".

Udalak herritarrei gogoratu nahi die Betharram aretoko ateak zabalik dituztela erakusketak antolatzeko. Interesatuek Udal Kultura sailarekin harremanetan jarri besterik ez dute egin behar 943 157 068 telefono zenbakira deituta.