Gorka Azkune: "Herritarrek urrun sentitzen dute zientzia"

Uztarria.eus 2014ko api. 14a, 19:22
Gorka Azkune, ezkerretik hirugarrena, saria jaso zuten gaineako kideekin. (Elhuyar.com)

Dibulgazio-artikulu onenaren saria jaso du Gorka Azkunek (Azpeitia, 1982) Fikzioa errealitate bihurtzen denean lanarekin, CAF-Elhuyar Zientzia Dibulgaziorako sarietan. Bere azken artikuluarekin, ikerlaria saiatu da herritarrak zientziaren mundura murgiltzen; eta, horrela, laugarren aldiz irabazi du lehiaketa.

Teleportazio kuantikoa landu duzu zure artikuluan, edonork ulertzeko moduan. Gaia gizarteratzeko bidea da?

Hori da dibulgazio zientifikoaren helburua: hizkuntza zientifikotik irtetea eta jendeari azaltzea kontzeptu zientifiko garrantzitsuenak. Niretzat, gaia bera ez da garrantzitsuena. Axola duena da oinarrizko kontzeptuak gizarteratzea; eta, ahal bada, jendeari zientziarekin gozaraztea.

Zergatik iruditu zaizu erakargarria teleportazio kuantikoaren gaia?

Herritarrentzat erakargarria izan daiteke, batez ere, asko agertu delako zinemako zientzia-fikzio generoan. Uste dut genero hori erraz iristen dela herritarrengana, eta gaia barneratuta dagoela. Orduan, zergatik ez heldu hari horri? Gaiak xarma duenez, eta horren inguruan lana egina dagoenez, aukera polita zela pentsatu nuen.

Herritarrek, oro har, urrun ikusten dituzte zientzia-gaiak?

Bai. Gure egunerokoan ez du garrantzia handirik kultura zientifikoak. Herritarrek urrun sentitzen dute zientzia. Zientziak aurrerapen handiak izan ditu azken urteetan, eta hutsune bat utzi du, dibulgazioarena.

Nork huts egin du transmisio horretan?

Maila guztietan egin da hutsegitea. Etxetik hasita. Beti esan ohi dut: zergatik da hain garrantzitsua futbola guztientzat? Txiki-txikitatik etxean ikusi dugulako, kirola geure egin dugulako eta garrantzitsua dela ulertu dugulako. Zientzia, ordea, ez da gehiegi lantzen etxean. Gainera, akats hori ez da, gero, inon konpontzen; ez hezkuntzaren esparruan, ezta komunikabideen proiekzioan ere. Zientzia beti modu zurrun eta teorikoan lantzen dute, ez dute erakusten haren alde erakargarria. Egia da, komunikabideak gizartearen isla dira, gizarteak nahi duena eskaintzen dute hedabideek, baina horrek ere tranpa du, hezitzaileak direlako. Beraz, sorgin-gurpila da: komunikabideek zientzia eskaintzen ez duten bitartean, herritarrek ez diete zientzia eskatuko.

Beraz, Elhuyarrena bezalako lehiaketak beharrezkoak dira zientzia gizarteratzeko.

Bai, beharrezkoak dira, zientzia herritartu egiten baitute. Hala ere, ez da nahikoa. Bestelako ekintzak ere martxan jarri behar dira. Sari horiek gerturatzen dira zientzian interesa duten pertsonengana, baina ez dute lortzen harrapatzea berebiziko interesik ez duen jendea. Bestelako ekimenak pentsatu behar dira, oso zaleak ez diren pertsonak zientziaren alorrera erakartzeko.

Nork eman beharko luke lehen pausoa?

Hori ez dago pertsona edo erakunde baten esku. Denek egin behar dute zerbait. Adibidez, administrazio publikoak ardura handia du, urrutira iristen direlako haien eskumenak. Administrazioak, beraz, komunikabide publikoen agendan sartu dezake gaia, hezkuntzan txertatu dezake, diruz lagundu diezaioke zenbait erakunderi… ardura ez ezik zeresana ere badu. Horrez gain, norbanakook ere jarri behar dugu gure hondar alea; familiarekin, lagunekin… gaia naturaltasunez erabili behar dugu. Pertsona batek ikusten badu gertuko norbaitek garrantzia ematen diola zerbaiti, azkenean, baloratu egiten du. Guk hori lortu behar dugu.

Euskarak badu zientziaren beharra?

Jakina, guk ardura dugu gure hizkuntzarekiko. Zientziak ez dauka hizkuntzarik, ingelesa erabili ohi da nazioarterako, baina hizkuntzaz gaindiko esparrua da zientziarena. Euskal gizarteari zientziaren kultura helarazi nahi badiogu, zalantzarik gabe, euskaraz egin behar dugu.

Aurrerapausoak eman dira azken urteetan esparru horretan?

Bai, eta asko, gainera. Elhuyar Fundazioa adibide ona da: guztia euskara hutsean egiten du. Bestalde, ikusi dugu gaia landu dela zenbait komunikabideetan ere, adibidez, Euskadi Irratian edo Euskal Telebistan. Internetera jotzen badugu, berriz, gero eta blog eta Twitter kontu gehiago daude euskaraz eta zientziaz. Alde horretatik, Internet aukera ona da.

Laugarren aldia da dibulgazio-artikulu orokorraren saria jaso duzula. Jarraituko duzu gisa horretako lanak egiten?

Jarraitzeko asmoa dut. Sare sozialetan idazten dut, eta blog batzuetan ere kolaboratzen dut. Gustatu egiten zait; eta, gainera, iruditzen zait lan garrantzitsua dela. Era batera edo bestera, jarraitu egingo dut dibulgazioaren kontuan.

Doktoretzarekin ari zara lanean. Zer erronka dituzu etorkizunerako?

Nire lehen erronka hori bera da: doktoretza amaitzea. Behin hori bukatuta, gustatuko litzaidake ikerketaren munduan jarraitzea. Ikusiko dut zer ate jo ditzakedan, baina oraingoz ez dut asko pentsatu: pausoz pauso joan behar da.