2014ko Asteburu musikalak ekimena igandean hasiko da

Uztarria.eus 2014ko api. 4a, 19:21

Azpeitiko Kitarra taldearen zuzenekoarekin emango diote hasiera 2014ko Asteburu musikalak ekimenari, eta ekainera bitartean musikez gozatzeko aukera izango dute herritarrek. Apirilean lau ekitaldi izango dira.

Hastear da Asteburu musikalak ekimena. Igande honetan, apirilak 6, emango diote hasiera. Kitarra taldeak eskaniniko du lehen emanaldia, 12:30ean Sanagustinen. Bigarren saioan Donostiako kontserbatorioko ikasleen txanda izango da. Ganbara musika emanaldia eskainiko dute; hamar piezaz osatutako zuzenekoa. Hilaren 9an izango da Sanagustinen, 19:15ean. Saio horretan parte hartuko dute Azpeitiko Juan Antxieta musika eskolako ikasle ohiek.

Hirugarren zuzenekoa Udal Musika Bandak eskainiko du hilaren 13an, igandea, Soreasu antzokian. Besteak beste, Jainko Antzerkia obra joko dute estreinakoz. "Dante Alighierien La Commedia liburuan oinarritutako lana da, Aste Santuko giroan murgiltzeko aproposa", dio Unai Frantsesena zuzendariak. Bakarlari modura arituko dira bandako Aitor Gorrotxategi, Maite Ibarzabal, Jon Ibarzabal, Borja Eizagirre eta Iñigo Aranbarri, eta gainera, Ignacio Arakistain piano eta organo ikaslearen eta Iraide Ansorena perkusio ikaslearen laguntza izango du Bandak.

Beste bi pieza ere lehenengoz eskainiko dituzte: Jose M. Martinen Lagartijilla pasodoblea eta Naohiro Iwaik moldatutako Benny goodman memories. Azken horretan, bakarlari lanak egingo dituzte Jon Irigoienek klarinetearekin eta Asier Aizpuruk bateriarekin. Soreasun izango da ekitaldia, 13:00etan.

Apirilaren 26an, zapatua, izango da hileko azken ekitaldia. Kaleak musikaz jantziko dituzte Izarraitz Txistulari elkarteko kideek. Kalez-kale ibiliko dira, 19:30etik aurrera.

Ekainean amaituko da 2014ko Asteburu musikalak ekimena.