Letren erreinuan

Uztarria.eus 2014ko api. 4a, 16:13
Liburutegiaren urteurrenaren harira prestatutako egitaraua aurkeztu dute gaur.

Udal Liburutegiak ateak zabaldu zituela mende erdia beteko da bihar, apirilak 5. Garai bateko eta gaur egungo langileekin hitz egin du Uztarriak. Uztarria aldizkariaren martxoko zenbakiko erreportajea da hurrengoa.

Mende erdia pasatu da Iturri Txikin ateak zabaltzear zen Udal Liburutegia bedeinkatzen zuen apaizaren zuri-beltzeko inaugurazio ekitaldi hartatik. Geroztik, 50 urteko ibilian, literaturaren eta letren erreinua majo aldatu da eskaintzen duen zerbitzuari dagokionean ez ezik, lana egiteko moduan. Horren lekuko dira liburutegiko langile ohi Joxe Mari Galarraga (Azpeitia, 1959) eta gaur egungo langileak: Beatriz Aranbarri (Azpeitia, 1963), Maider Egiguren (Azpeitia, 1977) eta Eba Lopetegi (Azkoitia, 1972).    
 
Irakurtzeko "zaletasun handia" izan zen liburuzain oposaketetara aurkezteko Galarragaren arrazoia. Plaza lortu eta  hasi zen liburutegian lanean, 1984ko urtarrilaren 10ean. 24 urte zituen. Nolanahi ere, irakurtzeko amorru handiam bai, baina ordura arte liburutegia apenas zapaldu zuen. "Azpeitiko herriaren orduko argazkia ikusiz gero, gaurkoaren oso bestelako itxura zuen", dio Galarragak. "Alde Zaharra zegoen, eta herri-ingurua. Ni Etxetxon jaio nintzen, gaur egun Euskal Herria auzoa dagoen lurretan zen sei bizitzako baserrian. Garai haietan, handik plazara joatea orain Matxinbentatik etortzea bezala zen. Ez zegoen kalerik, ez zeudn Betharramistak, eskola nazionala zegoen, Perdillegi baserria, Goiko Errota eta kito. Ilunpea. 1964an liburutegia zabaldu eta hasierako urte haietan kaletarrak baino ez ziren joaten bibliotekara. Ni liburuzain hastean, eskolako gazteak ibiltzen ziren, batik bat". 
 
Urte haietan, maileguan hartzeko ez zegoen dokumentu asko ere, baina Enparan Dorretxera aldatzean, 1989an, eta handik aurrera, "aurrerapauso handiak eman" zirela dio: "material aldetik asko hornitu zen eskaintza; hizkuntza aldetik euskarazko produktu gehiago zegoen; liburutegia handituz joan zen eta lana egiteko moduan ere garai berrietara egokituz joan izan gara. Maileguan atera ezin ziren liburuekin lana egiteko, fotokopiagailu zerbitzua eskaintzen hasi ginen. Dokumentuen katalogazioari zegokionean, hasieran fitxak eskuz idazten genituen; gauza bera maileguekin. Gero, makina txokolatera bat izan genuen eta, aurrerago, ordenagailua".

Interneta, 380 graduko bira

Gaur egun Azpeitiko Udal Liburutegian liburuzaina den Aranbarrik ere hala dio, Interneten erabilerak "lana egiteko modua asko erraztu" duela. "Duela zortzi urte, 2006an, hasi nintzen bibliotekan lanean eta, hasieran dena eskuz egiten genuen; liburutegiko dokumentu guztiak tiradera batean genituen autorearen edo tituluaren arabera alfabetikoki ordenatuta. Liburu bat mailegatzean ere, 18 lekutan apuntatu behar izaten genuen erreserba. Orain, berriz, Internetarekin a zer-nolako aurrerapena!". 
 
Udal Liburutegiak sarean duen webgunea, esaterako, erabiltzaileentzat "oso erabilgarria da" Egigurenen esanetan. "Nahi den liburua EAEko zer liburutegitan dagoen kontsultatu dezakezu; Azpeitiko liburutegian hilero sartzen diren dokumentu berri guztiak ikus ditzazkezu nobedadeen atalean; erreserbak egin, mailegu-epea luzatu edo proposamenak egiteko aukera ere eskaintzen du".
 
Hilero, dokumentu berriak aukeratu eta erosteaz Aranbarri arduratzen da: "200-300 dokumentu berri sartzen ditugu hilero, eta horiek aukeratzeak lan-ordu asko ematen du. Multimedia txokoan mugimendu handia izaten da, eta hilero 50 bat DVD berri ekartzen ditugu. Jendeak asko mailegatzen ditu pelikulak: jubilatuek westernak, txikienek pailazoenak... Horrez gain, jendeak dohaintzan ere ekartzen ditu liburuak bibliotekara".
 
Zerbitzu hobea eskaintzeko beti dago zer hobetu, eta e-booketarako softwareak maileguan ematea da hurrengo helburua. Aranbarriren esanetan, "egun jende asko dator liburu digitalaren kontuarekin edukiak mailegatzeko asmoz, baina momentuz ez dugu ezer. Eusko Jaurlaritzak plataforma abian noiz jarriko zain gaude, sistema oso garestia baita".

Gizonezko erabiltzaileak, ugari

Garai berriekin nabarmen aldatu dira erabiltzailearen perfila eta informazioa kontsultatzeko euskarriak ere. Aranbarrik dioenez, "betiko erabiltzaile nagusiak emakumeak eta umeak izan dira, eta jubilatuak ere bai, baina krisiaren eta seme-alaben eraginez edo, 35-50 urteren bueltako gizonezkoen taldea asko ugaritu da. Liburutegian birmoldaketa egin zenetik, ikasle kopuruak ere gora egin du. Eta, noski, 0tik 7 urtera arteko gunea ere beteta izaten da". Era berean, teknologia berrien erabilerarekin, kontsultak egiteko garaian, papereko euskarriaren gainetik dago Interneta. "Tarteka jubilaturen bat etortzen da entziklopedia kontsultatzera, baina egun denok Internetera jotzen dugu. Halere, bi euskarriak erabiltzera ohitzea garrantzitsua da; izan ere, urteetan biak elkarrekin biziko dira".

Liburuzain eta aholkulari

Liburuzain bezala, liburuen gaineko aholku asko ematea egokitu izan zaie laurei. Lopetegiren esanetan, "hainbeste libururen artean hainbat jende galduta sentitzen da eta jendeak asko estimatzen du esatea halako liburu irakurterraza dela edo beste halakok arrakasta handia duela. Liburu batzuk komunikabideen eraginez-edo modan jarri dira eta, esaterako, Dime quien soy edo El tiempo entre costuras liburuek bi urteko itxaron zerrenda dute. Irakurtzeko zaletasun handia dugu, eta nobedadeen berri jakin eta, ondoren, erabiltzaileak aholkatzeko eskuartean beti libururen bat izaten ahalegintzen gara". 
 
Galarraga, esaterako, ez da best seller zalea. Saiakera eta poesia ditu gustuko. "Nik erabiltzaile bati esan diezaioket halako liburu harrapaztaka ari direla irakurtzen, baina aholkatze kontua oso pertsonala da. Nik aholkatzen dudan esaldia da ‘ikusi eta erabili’. Alegia, denbora hartu liburua aukeratzeko".
 
Anekdotak, berriz, pila dituzte. "Ixo hitza auskalo zenbat aldiz errepikatu izan nuen, –dio Galarragak–. Baita kaleratze kolektiboa egin eta liburutegia hustuta laga ere. Batzuk lanera etortzen ziren; besteak galaraztera. Jende aurreko lanak berekin dakartza gazi-gozoak". Aranbarrik adierazi duenez, "liburuak azaldu izan zaizkigu barruan argazkiren batekin, postalekin, fakturekin, salaketaren batekin... Halakoetan, detektibe lanak egiten ditugu, norena den arrastoa ateratzeko. Gainontzean, jendea arduratsua eta txukuna da; ondo zaintzen dituzte liburuak".   
 
Liburutegiaren ibilbidean, lanean aritu direnek garai bakoitzeko beharretara egokitzeko "sena" izan dutela gaineratu du Galarragak. "Erabiltzaileei zerbitzu egokia eskaintzeko, ezinbestekoa da zerbitzua etengabe eguneratzea eta hornitzea, eta Azpeitiko liburutegiak bermatzen ditu erabiltzaileen beharrak".