"Beti alde bateko mozioak" lantzen direlako, bozketan parte ez hartzea erabaki du udal oposizioak

Uztarria.eus 2014ko api. 4a, 11:42

Joan den astearteko udalbatzarrean bi mozio izan zituzten hizpide Udaleko alderdi politikoek; Xabier Arrizabalaga Azpeitiko Libre lan-taldeko kideak aurkeztutakoa batetik, eta EH Bilduk 2014ko Aberri Egunaren harira kaleratutakoa, bestea. EAJk eta Hamaikabatek mozio horiek "tratatu ere ez" zituztela egin nahi adierazi zuten, eta ez zuten bozketan parte hartu.

Herriko Taberneneta Segiko gazteen aurkako makrosumarioa salatzekoa zen mozioetako bat, Orkatz Kultur Elkartea ixtearen eta Olatz Izagirre herritarraren egoera salatzeko testua. Bestea, Aberri Egunaren ingurukoa zen, Euskal Herriaren identitatea defendatu eta aldarrikazten da bertan eta, besteak beste, Gure Esku Dago dinamikari eta proiektuari babesa adierazten zaio.

Eneko Etxeberria alkateak hartu zuen hitza Aitor Gorrotxategi jeltzaleak eta Aitor Aranguren Hamaikabateko zinegotziak ez zutela bozkatuko adierazi ostean. Etxeberriaren ustez "saiakera berezia" egin behar dute, "gatazkaren alde guztiak kontuan hartzeko": "Alde bateko nahiz besteko edozein biolentziak eragindako biktimei onarpena, errekonozimendua eta babesa adierazi behar diegu. Biktima guztien mina arintzea da oinarria eta ahalegin berezia egin behar dela uste dut, eta horretan ari garelakoan nago". "Bestaldera begiratzeak" ez dituela inora eramango esan zuen: "Ez dut uste zuek bestaldera begiratzeko zaudetenik, eta politika egitea oinarrizko eskubidea da", galdegin zien Etxeberriak EAJko eta Hamaikabateko zinegotziei.

Uztarria.com-ek Aitor Gorrotxategi EAJren udal bozeramailearekin hitz egin du, eta jeltzaleak jakinarazi duenez, "mozioetan parte ez hartzea erabaki dugu iruditzen zaigulako beti alde bateko mozioak tratatzen ditugula, eta bestalde, kasu honetan mozioak 'repeak' zirelako. Izan ere, gai baten zein bestearen inguruko gure iritzia eman dugu, eta ezin dugu ulertu udalbatzan berriro gai berdinak tratatzea". 

Bestalde, mozioetan parte ez hartzeak "kanpora irtetea" suposatzen duela, baina "edukazioz" bertan gelditzen direla azaldu du Gorrotxategik: "Gero lan zerrendarekin jarraitzeko bertan gelditzen gara, baina ez badugu parte hartzen uste dut beraiek mozioa landu eta onartu dezaketela, baina guri begira hitz egitea, guztiaren errua guk izango bagenu bezala, ez zaigu logikoa iruditzen eta gutxiago gero batek hitza eskatu eta ukatzea".

Azpeitiko Libre lan-taldearentzat "ulertezina" da "Olatz bidegabeki espetxeratua izateko eta Orkatz Kultur Elkartea ixteko arriskua egonik, ordezkari politiko horiek gaia tratatzeari uko egin izana". "Herriko pertsona eta elkarte baten eskubideak larriki urratuak izaten ari diren bitartean, gaia ez tratatzeko erabakiak, azalpen bat behar duela iruditzen zaigu", gaineratu dute Uztarria.com-en kaleratu duten oharrean.

Hemen Libre taldeak aurkeztutako mozioa eta EH Bilduk aurkeztutako mozioa osorik.

Otsaileko udalbatzarrean esanak

Joan den otsailaren 13an egindako udalbatzarrean eskatu zuten EAJk eta Hamaikabatek aurrenekoz mozioak ez tratatzea, hain zuzen, Arkaitz Bellon elorriotar presoaren heriotza salatzeko mozioa aurkeztu zutenean. Aitor Arangurenek azaldu zuen, "mozioarekin ados egonda ere udaletxe honetan erreflexioa egin behar dugula uste dut. Hau kolore berdineko zortzigarren edo bederatzigarren mozioa da, eta aukera izan badugu ere, ez dugu beste koloretako moziorik egiterik lortu oraindik. Nik uste dut zilegi dela zortzi-bederatzi aldiz alde batera begira egon beharrean, bestera ere begiratzea. Nekatu egin naiz honekin, eta nahiz eta ados egon, ez dut parte hartuko halako mozioetan".

Aitor Gorrotxategik ere mozioa ez zutela landuko azaldu zuen, baina "sakonetik deitoratzen" zutela azaldu zuen: "Pertsona horren giza eskubide guztien errespetua, eta giza eskubide horietan oinarritutako eta salbuespenik gabeko espetxe politika eskatzen dugu. Baina, hiri (alkatea) mozio hau ez tratatzeko eskatzen diagu".

Eneko Etxeberriak erantzun zuenez, "giza eskubideen urraketa grabea da orain ematen ari dena". Udal gobernu honek hurrengoa dio, esan zuen: "Biolentzia desberdinek eragindako biktimak aitortu nahi ditugu, eta atzera begirako hausnarketa bateratua egin behar dugu, berriro horrelakorik ez gertzeko. Bereziki oroimenean izan behar ditugu azken urteetan hildako azpeitiarrak. Beren lagun eta senideak babestea tokatzen zaigu, eta giza eskubide guztien urraketak salatu nahi ditugu, sufritu dutenei eta une honetan sufritzen ari direnei babesa adieraziz". "Norabide batean ari dira momentu hontan giza eskubideak urratzen", esan zuen bukatzeko.