Lau azpeitiar arituko dira Gipuzkoako Bertsolari Gazteen txapelketan

Uztarria.eus 2014ko api. 3a, 20:20

Bihar, ostirala, Mutrikuko Gaztetxean ariko dira kantuan Jon Gurrutxaga eta Jon Ander Iriondo. Gazteen txapelketako azken bat-bateko kanporaketa saioak izango dira Mutrikukoa eta Azkoitikoa, eta azken horretan ere izango dira azpeitiarrak: Oier Etxeberriar eta Iñigo Ibañez arituko dira datorren ostiralean kantuan Iraurgi Elkartean. 

Gipuzkoako Eskolarteko 34. Bertso Txapelketaren baitan, 15 eta 18 urte bitarteko Gazteen txapelketa antolatu dute Ikastolen Elkarteak eta Bertsozale Elkarteak elkarlanean. Martxoaren 9an abiatu zuten txapelketa, eta dagoeneko egin dituzte kanporaketa saioak Zarautzen, Lasarten, Zumarragan, Lazkaon eta Elgoibarren. Bihar Mutrikun egingo dute kanporaketa saioa, eta datorren ostiralean, hilak 18, Azkoitian. Azken bi kanporaketa saiootan, Erniarraitz taldeko lau azpeitiar arituko dira kantuan: Jon Gurrutxaga, Jon Ander Iriondo, Oier Etxeberria eta Iñigo Ibañez.

Bihar, apirilak 4, izango dute Gurrutxagak eta Iriondok lehen proba: Gazteen txapelketako bat-bateko kanporaketa, hain zuzen. Mutrikuko gaztetxean izango da. Datorren ostiralean izango da Etxeberriaren eta Ibañezen txanda. Azkoitian dute horiek hitzordua, Iraurgi Elkartean, ordu berean. Aurten, lehenengoz, Gazteen txapelketek bertso-afari izaera hartu dute, eta ondorioz, afari-meriendarekin hasiko dira saioak, 19:00etan. Gero, 20:30 inguruan emango diote hasiera helduen bat-bateko bertso saioari.

Lau bertsolariek, bakoitzak bere txandan, ondoko ariketak osatu beharko dituzte: hasierako agurra (nahi duten neurrian); lau oinak emanda, zortziko txikian bertso bat; binaka, gaia emanda, zortziko handian bina bertso; binaka edo hirunaka, gaia emanda, hiruna kopla, trikitiaren laguntzarekin (doinuak: Santi Mamiña, Aita semeak eta Dios te salve); Bakarka, puntuari erantzun eta gaia emanda bertso bat, gehienez ere bost puntuko neurrian; eta, amaitzeko, bukaerako agurra (nahi duten neurrian). 

Gurrutxagaren eta Iriondoren saioa jarraitzeko sarrerak erosteko epea pasatu bada ere, Etxeberria eta Ibañez ikusteko sarrerak erosteko epea zabalik dago. Asteazkena, apirilak 16, bitarte eros daitezke sarrerak www.bertsosarrerak.eu webgunean. 12 euro ordaindu beharko dira.

Ikasberri ere, txapelketan

15 urtez azpikoen txapelketan ere izango dira herritarrak bertsotan: Azpeitiko Ikastola Ikasberriko ikasleak, hain zuzen. Hilaren 18ko saioan kantatuko dute, Azkoitiko Floreaga ikastetxeko eta Xabier Munibe ikastolako ikasleekin batera. Guztira, 83 ikasle arituko dira Floreagako aretoan eskainiko duten zuzenekoan.

Ikasleekin batera, bi bertsolari ezagunek hartuko dute parte: Eneritz Artetxek eta Jokin Urangak. Aurkezle lanetan Amaia Agirre ariko da.